
Esperotakoa baino astebete beranduago, Espainiako eta Portugaleko gobernuek iragarri dute Bruselak baiezkoa eman diela gasaren prezioa megavatio/orduko 50 eurora mugatzeko 12 hilabetez handizkako merkatuan. Europako Batzordeak, berriz, "erabaki formala" oraindik hartu gabe dagoela jakinarazi du, eta aurre ebaluazioaren emaitza dela baiezkoa dena. Akordioa apirilaren 26an lortu zuten bi herrialdeek eta Europako Batzordeak, baina azken honen guztizko onespena behar dute salbuespen iberiarra deiturikoa aurrera emateko.
Neurri honen bitartez, faktura elektrikoaren prezioa jaistea lortu nahi dute. Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroak azaldutakoaren arabera, argindarraren faktura % 30 merketzea espero da salbuespen iberiarrari esker. Eurostatek emandako datuen arabera 2021eko abenduaren 31an Espainiako argindarraren kilowatt/orduko prezioa 0,170 eurokoa zen. Dekretu berriak, beraz, Espainian prezioa 0,17ra jaistea ahalbidetuko luke, hainbat kalkuluren arabera.
Europaren guztizko baiezkoaren faltan, hurrengo pausoa Espainiako Ministroen Kontseiluak onartzea izango da. Madrilek Europa Pressi adierazitakoaren arabera, lanean ari dira "bihar bertan edo lehenbailehen" kontseiluan aurkezteko. Izan ere, helburua da maiatzeko fakturan beherakada hori islatzea. Espainiak ez ezik, Portugalek ere berehala jarri nahi du indarrean prezio berria, eta baliteke bihar egin litekeen ezohiko Ministroen Kontseiluan onartzea erreforma. Hala baieztatu die António Costa lehen ministroak Estrasburgon bildutako hainbat hedabideri.