21.148 etxebizitza baino gehiago eraikitzea eta tranbia Zabalgana auzoraino hedatzea. Horiek eta beste zenbait neurri ahalbidetuko dituen Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onartu du gaur Gasteizek, PSE-EAJ gobernu taldearen eta Elkarrekin Podemos taldearen babesarekin. Hala, plan berriak duela 22 urtetatik indarrean izan dena ordezkatuko du, behin aldizkari ofizialean argitaratu eta hamabost egunera. “Gasteiz kohesionatu eta hiri hutsunerik gabekoaren aldeko apustua egin dugu”, adierazi du Borja Rodríguez Hiri Eredu, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zinegotziak.
Planak hainbat eta hainbat neurri barne hartzen ditu, etxebizitzari, jarduera ekonomikoari eta mugikortasunari lotutakoak, besteak beste. Etxebizitzaren ildotik, 21.148 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten du planak, eta horietatik %75 babes ofizialekoak edo tasatuak izango dira. “Zifra horretan ez daude sartuta jada eraikita dauden eraikinetan gehituko liratekeen etxebizitzak”, zehaztu du Rodríguezek. Gauzak horrela, Goikolarran, Zabalganan eta Salburuan ezarriko dira etxebizitza horiek, baina baita hutsik dauden lursailetan ere, Lakuan, esaterako. Behe solairuan dauden lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko araudia aldatzeko “ordenantza bat garatu eta onartu beharko da”, ordea.
Arabako hiriburuko enpresa garrantzitsua den Mercedes-Benzek, adibidez, jarduera sendotzeko eta instalazioak handitzeko “milioi askotako inbertsioa” izango du, baita Basquevoltek ere. Era berean, planak jasotzen du industrialdeetan hirigintza-parametroak malgutzea, lursailen eraikigarritasuna handitu dadin. “Neurri hori arnasgune bihurtuko da enpresentzat eta lehiakortasuna handitu ahal izango dute”, gaineratu du zinegotziak.
Mugikortasunari ere heltzen dio planak, “distantzia txikiko hiriaren aldeko apustua” eginez. Zabalgana auzoraino tranbia hedatzea eta Hegoaldeko Bidea bertan behera uztea dira neurri horietako batzuk. “Sakabanaketa murrizten dugu eta zerbitzuen plangintza hobetzen dugu”, iritzi du Beatriz Artolazabal zinegotziak.