• EKONOMIA
  • Abian da Gasteiz tentsio handiko eremu gisa izendatzeko prozesua

Abian da Gasteiz tentsio handiko eremu gisa izendatzeko prozesua

Arabako hiriburuan batez besteko errentaren %30,6ra iristen da alokairua eta oinarrizko hornigaiak ordaintzeko egin beharreko ahalegin ekonomikoa

Gasteiz | Argazkia: iStock
Gasteiz | Argazkia: iStock
2025eko abuztuaren 20a - 11:12

Gasteiz tentsio handiko eremu gisa izendatzeko prozesua jarri du martxan Denis Itxasoren Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak. Neurriak ez du eraginik izango udalerriko landa-eremuan, Abetxuko, Aretxabaleta, Armentia, Betoño, Ehari-Ali eta Gardelegi guneetan izan ezik, horiek bai baitaude jasota.

 

Jaurlaritzaren arabera, Arabako hiriburuak Etxebizitza Legeak ezartzen dituen irizpideak betetzen ditu tentsio handiko gune izendatzeko, batez besteko errentaren %30,6 bideratu behar baita alokairura, etxebizitza gastuetara eta oinarrizko produktuetara. Legearen arabera zenbatekoa %30 baino altuagoa izan behar da, eta, hortaz, hiriburuak irizpidea beteko luke. Horrez gain, udalerriko batez besteko salerosketa prezioa %27,5 handitu da 2019tik 2024ra bitartean, hau da, legeak erreferentzia gisa ezarritako %22,4ko muga baino erritmo handiagoan igo dira prezioak.

Agindua gaur bertan argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean, eta, beraz, hogei egun balioduneko epea ireki da herritarrek alegazioak aurkez ditzaten, prozedura guztiz osatu aurretik.

 

Behin hogei egunak pasa direnean eta alegazioak aztertu ostean, behin betiko memoria idatzi beharko da. Jarraian, herritarren eskura jarriko da oinarri gisa erabili den dokumentazio oro eta neurrien plangintza espezifikoa. Azkenik, Etxebizitza sailburuaren agindu bitartez zehaztuko dira tentsio handiko gune izendatutako eremuaren mugaketa, desorekak zuzentzeko neurrien plana eta aitorpenaren indarraldia, ondoren EHAAn argitaratu dadin.