• EKONOMIA
  • Taxi gehiago eta gaueko gutxieneko zerbitzua ezarriko ditu Gasteizko Udalak

Taxi gehiago eta gaueko gutxieneko zerbitzua ezarriko ditu Gasteizko Udalak

Udalak ez du akordiorik lortu sektorearekin negoziazio prozesuan, eta zerbitzuaren erabilgarritasuna hobetzeko neurri berriak ezartzea erabaki du

2007an zeuden taxi lizentzia kopuru bera dago egun hiriburuan | Argazkia: iStock
2007an zeuden taxi lizentzia kopuru bera dago egun hiriburuan | Argazkia: iStock
2026ko maiatzaren 18a - 15:22
Eg. 2026ko maiatzaren 18a - 15:23

Gasteizko Udalak erabaki du taxi zerbitzua berrantolatzeko neurriekin aurrera jarraitzea, maiatzaren 15ean amaitu zen negoziatzeko epean akordiorik lortu ez ostean. Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailaren zinegotzi ordezkariak adierazi du, elkarrizketak izan diren arren, ez dela aurkeztu zerbitzuaren hobekuntza eraginkorra bermatuko duen aukera zehatzik. “Administrazioek erabakiak hartu behar dituzten unea iristen da”, esan du.

 

Gauzak horrela, lehenik eta behin, guardien sistema arautzen duen dekretua onartu da: larunbat eta igandetan gutxienez 50 taxi egongo dira martxan, gaueko hamabietatik goizeko zortzi eta erdiak arte; taxiak geldirik egotekotan, hiriko zazpi puntu konkretuetako batean kokatu beharko dira. Maiatzeko eta urriko igandeetarako ere guardiak ezartzen ditu dekretuak, kasu horietan, arratsaldeko ordu batetatik zazpietara, gutxienez 35 ibilgailurekin. Gainera, uneoro bi taxi egokitu egongo dira eskuragarri, egunean 24 orduz. 

Era berean, bigarren dekretu baten bidez taxi lizentzia berriak emango dira. Egun 194 lizentzia daude orotara Gasteizen; 2007. urteko kopuru bera da, biztanleak 232.000 izatetik 265.000 izatera pasa diren arren (0,74 taxi 1.000 biztanleko). Aurreikuspenen arabera, 20 lizentzia gehituko dira datozen bi urteetan.

 

Neurri horiez gain, udalak taxiaren ordenantza berri bat prestatzen jarraitzen du eta talde politikoekin harremanetan dago, ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatzeko. Helburua zerbitzu "morderno" eta "funtzionala" bermatzea dela defendatu du Artolazabalek: “Pertsona batek Gasteizen taxi bat behar duenean aurkitu ahal izango du”, adierazi du, eta sistemak hiriaren egungo eskarira egokitzeko duen beharra azpimarratu du.