• EKONOMIA
  • Gasteizko Alestis enpresako langileek lanuzte gehiago egingo dituzte

Gasteizko Alestis enpresako langileek lanuzte gehiago egingo dituzte

Maiatzaren 21ean hasi zituzten bi orduko geldialdiak. Salatzen dute enpresak ez duela lan hitzarmena negoziatzeko borondaterik

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko maiatzaren 28a - 13:46
Eg. 2026ko maiatzaren 28a - 16:57

Gasteizko Alestis Aerospace enpresako langileek lanuzteak hasi zituzten pasa den maiatzaren 21ean, lan hitzarmena sinatzeko negoziazioak aurrera egiten ez zutela salatzeko. Bada, gaur iragarri dute lanuzteekin aurrera jarraituko dutela, enpresaren “blokeo” jarrera aldatu ez delako.

 

Orain arte bi orduko geldialdiak egin dituzte, eta aurrerantzean lau ordukoak egingo dituzte, ekainaren 2an, 4an, 9an eta 11n. Halaber, ekainaren 2an, goizeko hamaiketan, elkarretaratzea egingo dute “hitzarmen duina” eskatzeko asmoz, Andre Maria Zuriaren plazan.

Alestisek osagai aeronautikoak ekoizten ditu Airbus edota Boeing konpainientzat, eta Miñaoko Parke Teknologikoan dago kokatuta. Aciturri Aerostructures (%49) eta Sonaca (%51) taldeak dira konpainiaren jabeak, eta negozioa desblokeatzeko borondate falta egotzi diete sindikatuetako ordezkariek.

 

Enpresa batzordean UGT, ELA, LAB eta CGT sindikatuek bina ordezkari dituzte, eta adierazi dute enpresaren zuzendaritzak eginiko proposamena “onartezina” dela, besteak beste, lankargak eta eskaerak igotzen ari delako eta KPItik gorako soldata igoerak bermatzeari uko egiten diolako.