• EKONOMIA
  • Euskal Gastronomiaren V. Topaketan sektorearen etorkizunerako bide-orri bat aurkeztu dute

Euskal Gastronomiaren V. Topaketan sektorearen etorkizunerako bide-orri bat aurkeztu dute

300 profesional baino gehiago elkartu dira Dimako Garena jatetxean eta gastronomia jasangarriaren inguruan hausnartu dute

Argazkia: Mantala Basque Gastronomy
Argazkia: Mantala Basque Gastronomy
2026ko ekainaren 8a - 13:18

Gastronomiaren sektoreko 300 profesional eta eragile baino gehiago bildu dira astelehen honetan Dimako (Bizkaia) Garena jatetxean egin den Euskal Gastronomiaren V. Topaketan. Sukaldariak, ekoizleak, baserritarrak, artisauak, aretoetako profesionalak eta erakundeetako ordezkariak elkartu dira, euskal gastronomiaren etorkizun jasangarriari buruz hausnartzeko eta sektorearen erronka nagusiak partekatzeko.

 

Jardunaldiaren ardatz nagusietako bat euskal gastronomiarentzat prestatu den bide-orri berriaren aurkezpena izan da. Tresna horren helburua sektoreko eragileei eredu jasangarriagoetara egokitzen laguntzea da, proiektu bakoitzaren egoera eta beharrak kontuan hartuta. Antolatzaileek azpimarratu dute ez dela eredu bakar bat ezarri nahi, baizik eta norabide komun bat eskaini, errealitate desberdinetara moldatzeko modukoa. 

Topaketan behin eta berriz nabarmendu da jasangarritasuna ez dela soilik sukaldaritzarekin lotutako kontua, baizik eta zerikusia duela elikadura-kate osoan hartzen diren erabakiekin. Eusko Jaurlaritzako sailburu Amaia Barredok lehen sektorearen garrantzia azpimarratu du, eta honakoa adierazi du: “Gure gastronomiaren jasangarritasunak oinarri hori indartzea eskatzen du, lurraldearekiko lotura estutzea eta tokiko produktuaren aldeko apustua egiten jarraitzea”.

 
Argazkia: Mantala
Argazkia: Mantala Basque Gastronomy

Era berean, parte-hartzaileek argi utzi dute belaunaldi-erreleboa, ekoizle txikien galeraren arriskua, kostuen igoera edo baliabide naturalen gaineko presioa bezalako erronkei ezin zaiela banaka erantzun. Horregatik, elkarlana, entzutea eta erantzukidetasuna jo dituzte aurrera egiteko giltzarritzat. Bestalde, urtarrilean zendu zen Mikel Bustinza chefari ere omenaldia egin zaio jardunaldian.

Topaketaren amaieran, Bisubi Fundazioak antolatutako azoka gastronomikoak tokiko produktuak eta sukaldaritza tradizionala jarri ditu erdigunean, eta hainbat elaborazio ezagun dastatzeko aukera eskaini da. Antolatzaileen esanetan, ekimenak komunitatea indartzeko eta gastronomiaren bidez lurraldearen ondarea balioan jartzeko balio izan du.