Gaur amaituko da ONGI ETORRI BASERRIRA! ekimenaren VII. edizioan izen-emateko epea

Euskadiko 30 baserrik ateak zabalduko dituzte uztailaren 8 eta 9an beren bizimoldea ezagutzera emateko

Argazkia: Ongi etorri baserrira Argazkia: Ongi etorri baserrira

Pandemiaren ondorioz bi urtetako etenaldiaren ostean, ONGI ETORRI BASERRIRA! ekimenaren zazpigarren edizioa ospatuko da uztailaren 8 eta 9an. Gipuzkoa eta Bizkaiko 30 baserritarrek euren baserrietako ateak zabalduko dituzte beren ukuiluak, baratzak eta belardiak ezagutzera emateko. Antolatzaileen ustetan, ekimena “beharrezkoa” da landa eremuari “balioa emateko”, barnealdeko “turismoa sustatzeko” eta “gastronomia goraipatzeko”.

Baserri mundua eta hiriaren arteko zubigintza lanak egin asmoz, orain zortzi urte, 2014an, ENBA sindikatuak Gipuzkoako zortzi baserrietako ateak zabaltzea erabaki zuen ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremana sendotu asmoz. Pixkanaka, baserri gehiago batu dira ekimenera eta VII. edizio honetan,  30 baserrik hartuko dute parte. Bisitariek, baserriko bizimodu tradizionala ezagutzeaz gain, proiektu berezien berri ere izango dute, esaterako, egurrezko bizikletak nola egiten diren bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.

Bisita guztiak doakoak izango dira baina, aurrez, izen-ematea beharrezkoa izango da www.ongietorribaserrira.com webgunean, uztailaren 1era bitarte. Izen-ematen dutenen artean, elikagai otarra ere zozketatuko da. Bisita gidatuen inguruko informazio oro, datak eta ordutegiak barne, ekimenaren atarian daude eskuragarri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK