Gaurtik indarrean da Etxebizitza Legea

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan aurreikusitako pizgarriak kenduta, gainerako neurriak gaur bertan sartu dira indarrean

Argazkia: EnpresaBIDEA Argazkia: EnpresaBIDEA

Etxebizitza Legea ostiralarekin batera sartu da indarrean, Espainiako Aldizkari Ofizialean atzo argitaratu baitzuten. Hala, Espainiako Gobernuaren asmoa betez, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak baino lehen jarri dute martxan.

Legearen neurri gehienak jada indarrean diren arren, alokatzaileentzat Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) aurreikusitako pizgarriak 2024ko urtarrilaren 1era arte atzeratu dituzte.

Negoziazio bide gorabeheratsua izan du legeak. Denbora askoan geldirik egon ostean, aurrera pausoa eman zuen apirilean Kongresuan, PSOEk, ERCk, EH Bilduk eta Unidas Podemosek lortu zuten akordioari esker. Maiatzaren 17an onartu zen Espainiako Senatuan, koalizio gobernua osatzen duten taldeen, eta exekutiboa babesten duten ezkerreko indarren aldeko botoarekin. Horren ostean, behin Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, esan bezala, jada indarrean da Etxebizitza Legea.

Etxebizitza Legearen gakoak

Neurri garrantzitsuenetako bat da alokairuen prezioei muga bat ezarriko zaiela. Hala, 2024an gehienez ere %3 igo ahal izango dira, eta 2025etik aurrera, ezin izango da KPIa baino gehiago garestitu, nahiz eta sistema oraindik zehaztu gabe dagoen.

Bestetik, legearen arabera, autonomia erkidegoek etxebizitza alorrean gune tenkatuak zehaztu ahal izango dituzte. Ondorengo kasuetan izendatu ahalko dituzte eremu horiek: batetik, alokairuagatik ordaindutakoa (prezioa + oinarrizko gastuak) edo etxebizitza maileguaren prezioa familien batez besteko errenta baino %30 handiagoa bada; bestetik, bost urtean etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioa KPIa baino bost puntu baino handiagoa bada. 

Orain arte etxebizitza ugarikotzat hartzeko hamar etxebizitza izan behar ziren, hemendik aurrera bostetik gora izan beharko dira.

Azkenik jabeak ordaindu beharko dio higiezin agentziari eta ez maizterrak, orain arte egin izan den bezala.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK