• EKONOMIA
  • Gazteei lehen etxebizitza erosten laguntzeko abalen dekretua argitaratu du Jaurlaritzak

Gazteei lehen etxebizitza erosten laguntzeko abalen dekretua argitaratu du Jaurlaritzak

18 eta 39 urte bitarteko gazteei gehienez ere 340.000 euroko erosketa prezioa duten eta EAEn kokatuta dauden etxeak erostea ahalbidetu diezaieke

50.400 eurotik beherako soldata duten gazteek eskatu ahalko dute dekretura atxikita dauden bankuetan | Argazkia: iStock
50.400 eurotik beherako soldata duten gazteek eskatu ahalko dute dekretura atxikita dauden bankuetan | Argazkia: iStock
2025eko abuztuaren 5a - 10:32

EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak atzo argitaratu zuen 18 eta 39 urte bitarteko gazteei lehen etxebizitza erosten laguntzeko abalen dekretua. Neurriak gazteei lagundu nahi die hipoteka-finantzaketa osatzen, kaudimena izanda ere aurrezikirik ez dutela aintzat hartuta. 144 milioi euroko zuzkidura izango da horretarako.

 

Abal horren helburua da etxebizitzaren kostuaren %20 abalatzea. Izan ere, finantza-erakundeek edo bankuek emandako hipotekek estaltzen ez duten partea da hori, eta tasazioaren eta salerosketaren arteko gutxieneko balioaren %80tik %100era arte estaliko du. EAEn kokatutako higiezin berri zein bigarren eskukoentzat izango da, gehienez ere 340.000 euroko erosketa-prezioa badu.

Egitasmoaren onuradun izateko hainbat baldintza bete behar dira: azken bost urteetako bitan EAEn bizi izana, eta diru-sarrerak urtean 50.400 eurotik gorakoak ez izatea eskatzaile bakarra den kasuetan. Bi izanez gero, 86.400 euroko diru-sarrera langa ezingo da gainditu.

 

Abala finantza-erakundeei eskatu beharko zaie, baina horretarako finantza erakundeak egitasmora atxiki beharko dira, Finantzen Euskal Institutuarekin hitzarmena izenpetuta. Gaurtik aurrera egin dezakete. 

Prozedura honakoa izango da: pertsona interesdunek finantzaketa-aukera aurkezten dutenean, eskatzen dituzten baldintzak betetzen diren edo ez egiaztatuko da. Gauzak hala, finantza-erakundeak finantzaketa-eragiketa eman edo ukatzeari buruzko erabakia hartuko du, barne-prozeduren eta banku-erabileren arabera, betiere programa arautzen duen dekretuan ezarritako xedea, eta baldintza eta betekizun guztiak errespetatuta. FEIk ez du esku hartuko finantzaketa-eragiketak aztertzen, onartzen edo ukatzen. Finantzaketa eskatzailearen eta finantza-erakundearen arteko hipoteka-bermedun mailegu-kontratuan gauzatuko da. Finantzen Euskal Institutuaren abala lortzeko, finantza-erakundeak higiezinaren erreferentzia-balioaren %80 edo gehiagoko mailegua eman beharko du. 

Abala indarrean jarriko da hipoteka-maileguaren eskritura formalizatzen denean, eta ez du inolako kosturik izango onuradunarentzat, eta ezingo zaio jasanarazi erakundeak eskainitako finantzaketa-baldintzak zigortuz, betekizunak betetzen ez direla detektatzen denean izan ezik.

Eskabideak aurkezteko epea 2029ko urriaren 31n amaituko da, edo ezarritako zenbatekoa agortzen den unean. Eskabidea gehienez sei hilabeteko epean ebatzi beharko da, aurkezten denetik zenbatzen hasita.