• EKONOMIA
  • Gerard Piquéren Kings League, krisian (honezkero ezaguna zaigun istorio bat)

Gerard Piquéren Kings League, krisian (honezkero ezaguna zaigun istorio bat)

Nazioartean hedatu eta fakturazioa handitu badu ere, Bartzelonako jokalari ohiaren lehiaketaren kontuak ez dira sekula zenbaki gorrietatik atera

Kings & Queens Leagueko finalak Tenerifen aurkezteko prentsaurrekoan, 2024ko urrian | Europa Press Kanariak
Kings & Queens Leagueko finalak Tenerifen aurkezteko prentsaurrekoan, 2024ko urrian | Europa Press Kanariak
Roger Vinton
2026ko ekainaren 30a - 05:30

Duela pare bat aste zenbait hedabidek iragarri zuten Gerard Piquék antolatutako futbol lehiaketa, komertzialki Kings League izenez ezagutzen dena, zailtasun finantzarioetan murgilduta zela, eta, beraz, langile asko kaleratzeko asmoa zuela, enplegu-erregulazioko espediente baten bidez. Enpresaren aurreikuspenen arabera, gaur egun lanean ari diren 125 langileetatik 41 kaleratu behar dira. Irteera horiekin batera, enpresak berak esan duenez, urte erdiko etenaldia egingo da produktua birmoldatzeko eta bideragarri egiteko. Izan ere, nazioartean hedatu eta fakturazioa handitu badu ere, kontuak ez dira inoiz zenbaki gorrietatik atera.

 

Orain lau urte, Piquék futbol-7 lehiaketa bat sortuko zuela iragarri zuen, ohiko futbolarekiko araudi desberdin batekin. Futbol jokalari ohiaren tesiaren arabera, belaunaldi berriek ezin dute arreta mantendu ohiko futbol partida batek irauten dituen 90 minutuetan; hartara, futbolaren linealtasuna hausten duten osagaiak gehitu behar dira, eta hori da, hain zuzen, Kings League delakoarekin egiten saiatu dena.

Abentura honetan, Piquék inguruan izan du streamer, youtuber eta Interneteko fauna, horien artean Ibai Llanos Garatea, League of Legends bideojokoaren partiden narratzaile gisa ospea lortu zuen bizkaitar gaztea. Kings Leagueko hiru denboraldiren ostean, badirudi asmakizuna monetizatzea ez dela sustatzaileek espero zuten bezain erraza, eta haren hazkundea ere ez da izan pentsa genezakeen bezain zorabiagarria, futbolarekin gazteak aspertzen direla zioen argudio fundazional hori abiapuntu badu ere.

 

Bestalde, kontuan hartu behar da arreta-defizita duten pertsonei zuzendutako produktu batek erraz sor ditzakeela desleialtasunak bere early-adopterren artean, hasieran euren interesa piztu zuen arrazoi beragatik. Badakigu Javier Tebas, Espainiako ligako presidentea, ez dela Kings Leaguek erakarri nahi duen belaunaldi-profilaren parte, baina hala ere ezin ditugu gutxietsi Piquéren asmakizuna "zirku" gisa definitu zuten adierazpen batzuk. Boomertzat jo ahal bagaituzte ere, uste dugu arrazoiak zerikusia izan dezakeela horrekin, eta kataluniar futbolari ohiak sorturiko ligak berehalako gaitzespena sortzen diola gutxieneko irizpide estetikoa duenari.

Merkataritza Erregistroko datuen arabera, Kings League sozietate-egitura Kings Competition SL izeneko enpresa nagusi batetik abiarazita dago, egoitza Bartzelonako Assistència Sanitària eraikinean duena eta akziodun nagusia Kosmos Global Capital (%85) duena, Piquéren holdinga. Datu publikoen arabera, 2024an, fakturazioa —%70 babesletzatik datorrena— 8,6 milioi eurokoa izan zen, eta galerak 7,6 milioikoak. Aurreko ekitaldian, diru-sarrerak askoz handiagoak izan ziren, 20,5 milioirainokoak.

Sozietate hau hainbat filialen titularra da, zeintzuek lehiaketa hainbat eremu geografikotan ustiatzen duten; hala, filialen artean dira Kings League España, KLG Kings League Germany, Kings League France, Kings League Mundial Operaciones (Mexiko), Kings Competitions Brasil, Kings League Italia eta Kings League Latam mexikarra. Erregistroko informazioaren arabera, azken bietan izan ezik, filial guztietan kapitala %100 Espainiako Kings Competition enpresarena da. Gainerako bietan, sozietate honek kapitalaren bi herenen titulartasuna du. Aitztik, baliteke erregistro publikoetako datu kontsultagarriak zaharkituta egotea, enpresak aspaldi jaso baititu hirugarrenen inbertsioak.

Proiektuan dirua inbertitu duen azken funtsa Aligment Growth izan da, 63 milioi dolar ordainduta

Urte honetako otsailean jakin zen Alignment Growth inbertsio-funts estatubatuarrak 63 milioi dolarreko inbertsioa egin zuela lehiaketaren hazkundea bultzatzeko. Horrekin, honezkero 160 milioi euro baino gehiago bildu ditu hirugarrenen baliabideen bidez (lehenago 60 milioi inbertitu zituzten Left Lane eta Capital Fillipen artean, baita Bertelsman taldean ere, Alemaniako dibisioaren %20 eskuratu baitzuen). Zifra horiez harago, ez dakigu zer pentsatzen duten inbertitzaile horiek guztiek proiektuaren egoera delikatuari buruz, ordainketa hain handiak egin ondoren.

Piquéren beste enpresa-abenturak

europapress 4971373 exfutbolista gerard pique porta lanzador nerf programa after kings repasa 11 640x380
Argazkia: utzita

Kings League berpizteko gai den zain gauden bitartean, saihestezina da Piquéren beste egitasmo batzuek izan duten amaieran pentsatzea, bereziki Davis Kopako tenis txapelketaren kudeaketan. Ehun urteko lehiaketa hau munduko txapelketa moduko bat da, non tenislariek beren nazioa defendatuz parte hartzen duten. Aldatu gabeko lehiaketa sistema izan da hamarkada askotan, baina Piquék Nazioarteko Tenis Federazioa konbentzitzea lortu zuen sistema berriaren oinarriak aldatu eta txapelketaren kudeaketa bere gain hartzeko. Aldaketek diru-sarrera estratosferikoen promesak zekartzaten, baina dena oso azkar okertzen hasi zen, jada 2019an, aro berriko lehen edizioan. 2020ko bigarren edizioa pandemiak baldintzatu zuen eta antolatzaileentzako arazoak areagotu egin ziren.

Esan beharra dago Piquék Madril aukeratu zuela lehen bi lehiaketetarako egoitza gisa, zeina tenis tradizio eskaseko hiria den, urtero bertan egiten duten ATP txapelketan ikus daitekeen bezala. 2023an, Piqué eta bere Kosmos enpresak presaka egin zuten alde Davis Kopatik, federazioari hitzemandako zenbatekoak ordaintzeko ezintasunaren aurrean. Irteerak gatazka judiziala piztu zuen bi erakundeen artean, Kosmos eta federazioaren artean, eta joan den urtera arte ez zen itzali.

Bideo-jokoen eta hanburgesen munduan egindako saiakerak ere ez ziren arrakastatsuak izan futbolari ohiarentzat, eta badirudi futbolaren negozioan bakarrik lortu dituela proiektu sendoak eraikitzea, bere eremu naturalean. FC Andorra oraindik ere Espainiako lehen mailara igotzeko borrokan ari den bitartean, Arabian egoitza duen Espainiako Superkopak funtzionatzen jarraitzen du. Horrek komisio eskuzabalak eman dizkio Espainiako Futbol Federazioaren (RFEF) bitartekari izan delarik.

Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da.