• EKONOMIA
  • Martxan dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen lanuzteak

Martxan dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen lanuzteak

Langileen lan-baldintzak hobetze aldera sei eta lau mobilizazio egun iragarri dituzte, hurrenez hurren, ELAk eta LABek

Maiatzean iragarri zituen ELAk lanuzteak | Argazkia: ELA
Maiatzean iragarri zituen ELAk lanuzteak | Argazkia: ELA
2025eko ekainaren 11a - 11:57

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek maiatzean iragarritako manifestazioei eta lanuzteei hasiera eman diete, lan hitzarmen berria lortzeko eztabaidak “blokeatuta” daudelako. Sektoreko 5.000 langileren lan-baldintzak hobetzea dute helburu.

 

ELA eta LAB sindikatuek iragarri dituzte manifestazioak. Lehenak sei lanuzte iragarri ditu: gaur, bihar, etzi, eta uztailaren 9an, 10ean eta 11n. LABek lau egunetan egingo ditu mobilizazioak: gaur eta uztaileko hiru egun berberetan; ez, ordea, bihar eta etzi.

ELAren arabera Gipuzkoako adineko egoitzetan lan egiten duten enplegatuen %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu, eta, gainera, azken urteetan “nabarmen” handitu da langileen lan-karga; ondorioz, pertsona horien osasunak okerrera egiteaz gain, eskaintzen duten zerbitzua ere kaxkarragoa da. Aldi berean, sindikatuak baliabideak eskatu ditu langileak eta zerbitzua bera euskalduntzeko, baita menuetan tokian tokiko elikagaiak txertatzea ere.

 

LABek ere egin ditu bere aldarrikapenak: egoitzetako langileen ordainsariak enplegatu publikoekin parekatzea nahi du sindikatuak, haren ustetan zaintza pribatuetako langileak administrazio publikoko langile izan behar dutelako.