Gipuzkoako eta Arabako Merkataritza Ganberek argitaratutako azken txostenek 2026rako joera orokor baikorra erakusten dute, nahiz eta zenbait ñabardura agerian utzi. Bi lurraldeetan enpresa gehienek jarduera, salmenta eta enplegua mantendu edo handitzea aurreikusten dute, baina kostuen igoerek, errentagarritasun marjinek eta ziurgabetasunek kezka eragiten jarraitzen dute.
Gipuzkoa: %2ko hazkundea
Gipuzkoako Ganberak egindako Enpresa Perspektiben Inkestaren arabera (300 enpresa inguruk parte hartu dute), lurraldeko ekonomiak %2ko hazkundea izan dezake 2026an. Kalkulua 2025eko BPGaren bilakaeran eta inkestako emaitzetan oinarrituta egin dute.
Kanpo merkataritzari dagokionez, enpresen %35ek esportazioak handtizea espero du, eta %45ek gaur egungo mailari eustea. Ganberaren arabera, datu horiek “neurrizko baikortasuna” adierazten dute. Industriaren sektorean joera dinamikoagoa da: %35ek nazioarteko jarduera handitzea aurreikusten du. Zerbitzuetan, ordea, ikuspegia zuhurragoa da, eta enpresen %53k esportazio bolumena bere horretan mantenduko duela uste du. Javier Zubia zuzendari nagusiaren hitzetan, esportazioei eusteko “funtsezkoa” izaten ari da “merkatuen dibertsifikazioa”.
Salmenten bilakaerari dagokionez, inkestatutako enpresen %82k fakturazioa handitu edo mantenduko duela aurreikusten du. Zerbitzuen arloan nabarmentzekoa da %40k diru-sarrerak handitzea espero duela 2026an, batez ere turismoaren bilakaera onak lagunduta.
Enpleguaren esparruan, enpresen %7k soilik aurreikusten du plantilla murriztea. Inbertsioei dagokienez, %88k egungo mailari eutsi edo handitu egingo dituela dio. Hala ere, enpresen kezka nagusiak errentagarritasun marjinak estutzea, kostuen gorakada eta “erregulazio-kargek duten pisu gero eta handiagoa” dira. Testuinguru horretan, Mauricio Arregui Ganberako presidenteak nabarmendu du arreta berezia jarri behar zaiela zailtasun handienak dituzten sektoreei.
Araba: produkzioa eta salmentak egonkor, inbertsioak ahul
Arabako Merkataritza Ganberak ere 2026rako aurreikuspenak eta 2025eko laugarren hiruhilekoko emaitzak plazaratu ditu. Datorren urtera begira, enpresen %45ek ekoizpena handitzea espero du, eta %40k egungo mailari eustea. Eskari-zorroari dagokionez, %61ek mantenduko dela uste du, eta %24k hazkundea aurreikusten du.
Salmentetan, %85ek berdin edo gehiago fakturatzea espero du. Esportazioen arloan, gehiengoak (%84) egonkortasuna aurreikusten du, baina %14k beherakada espero du. Enpleguari dagokionez, enpresen %10ek langile kopurua murriztea aurreikusten du, nahiz eta %89k plantillari eutsiko dion.
2025eko laugarren hiruhilekoari erreparatuta, jarduera handitu egin zen enpresen %42an aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta %45ek antzeko mailan mantendu zuen. Barne eskari-zorroak zertxobait behera egin zuen, baina kanpokoak egonkor jarraitu zuen. industria salmentek hobera egin zuten: %56k gehiago saldu zuten, %31k maila mantendu zuten eta %14k beherakada izan zuten. Inbertsioetan, ordea, joera ahulagoa izan zen: enpresen %42k gutxi egin zituen, eta %9k soilik handitu.