• EKONOMIA
  • Gipuzkoak 2025eko errenta kanpaina aurkeztu du berrikuntza ugarirekin

Gipuzkoak 2025eko errenta kanpaina aurkeztu du berrikuntza ugarirekin

Erreforma fiskalek herritarren %80ri mesede egingo dietela nabarmendu du Foru Aldundiak

Gipuzkoako errenta kanpainaren aurkezpena | Argazkia: GFA
Gipuzkoako errenta kanpainaren aurkezpena | Argazkia: GFA
2026eko martxoaren 24a - 14:24

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2025eko errenta kanpaina, Arabak eta Bizkaiak joan den astean egindako iragarpenen ondoren. Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez, egindako erreforma fiskalek herritarren gehiengoari eragingo diote modu positiboan, eta kalkulatu du zergadunen %80 inguruk onura jasoko duela.

 

Aurtengo kanpainaren berrikuntzen artean, sistema digitalaren hobekuntza nabarmendu du Aldundiak. IZFErekin elkarlanean, programak eta aplikazioak egokitu dira informazioa ulergarriagoa izan dadin, eta zergadunek beren aitorpena modu errazagoan baieztatu edo aldatu ahal izan dezaten. Ildo beretik, Zergabidea plataformaren bidez internet bidezko aurkezpena sinplifikatu da.

Bestalde, lehen aldiz kenkari ugari txertatu dira, hainbat kolektibori zuzenduta. Etxebizitza, zaintza, gizarte aurreikuspena, kontziliazioa, trantsizio ekologikoa edo behar bereziak dituzten familien arloko kenkariek 330.000 zergaduni egingo diete mesede, eta guztira 105 milioi euroko eragina izango dute PFEZn. Informazio hori aletzeko, Aldundiak gida espezifikoak argitaratu ditu bere webgunean.

 

Tresna digitalen artean, Errenta+ aplikazioak ere berrikuntzak dakartza, hala nola, sarbide biometrikoa eta zorra ordainketa-pasabidearen bidez kitatzeko aukera. Halaber, errenta aitorpena egiteko betebeharrari dagokionez, aldaketak egin dira: 20.000 eurotik beherako lan etekinak dituztenek ez dute derrigorrez aitorpena aurkeztu beharrik izango, eta bi ordainsari desberdin edo gehiago jasotzen dituztenek ere ez dute zertan egin beharko, aurreko kanpainarekin alderatuta baldintzak malgutu direlako.

Kanpainaren egutegiari dagokionez, autolikidazio proposamenak martxoaren 30etik aurrera egongo dira eskuragarri webgunean, eta uztailaren 2an itxiko da aurtengo errenta kanpaina.