• EKONOMIA
  • Gipuzkoako enpresen lehiakortasunaz hausnartu dute Adegiren Lan Gosarian

Gipuzkoako enpresen lehiakortasunaz hausnartu dute Adegiren Lan Gosarian

Koloniako Unibertsitateko Javier Revilla Díez irakasleak ohartarazi du Gipuzkoa ezin dela "iraganean pilatutako abantailez soilik fidatu".

Revilla, Busto eta Arriola | Argazkia: Adegi
Revilla, Busto eta Arriola | Argazkia: Adegi
2026ko azaroaren 25a - 13:10

Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko presidente Isabel Bustok ohartarazi du nazioarteko egoera ekonomikoak erronka handiak dituela enpresentzat, baina baita aukerak ere, aldaketetara azkarren egokitzen direnentzat. Horregatik, lehiakortasuna indartzeko eta etorkizuneko ongizatea bermatzeko herrialde-akordio bat eskatu du, enpresen, erakundeen eta hezkuntza-zentroen arteko elkarlanean oinarritua. «Jarduteko unea da», adierazi du.

 

Adegik Donostian antolatutako XV. Lan Gosarian egin ditu adierazpen horiek Bustok. Haren esanetan, Gipuzkoak inoizko egoera ekonomiko onenetakoa bizi du, baina baita zorrotzenetakoa ere. Nazioarteko merkataritza-tentsioek, hornidura-kateen aldaketek, energiaren garestitzeak eta adimen artifizialaren garapenak erabat aldatu dute enpresen testuingurua. Egoera horrek bereziki eragiten dio Gipuzkoari, esportazioek lurraldeko BPGaren %35 osatzen baitute.

Enpresen lehiakortasunari buruzko datuak ere aipatu ditu Adegiko presidenteak: 2015etik Txinako produktibitatea %65 handitu da, AEBkoa %14 eta Europakoa %7. Gainera, Europak munduko esportazioetan duen pisua %28 jaitsi da 2002tik. Adegik urrian aurkeztutako inkestaren arabera, industriako hamar enpresatik ia hiruk uste dute beren merkatua atzeraldian dagoela, eta horietako ia erdiek eskaera-zorro ahula dutela adierazi dute.

 

Kutxabankeko presidente Anton Arriolak, berriz, espezializazioa, ezagutza eta lankidetza jo ditu lehiakortasunaren funtsezko oinarritzat. Haren aburuz, enpresek ez dute soilik nazioarteko merkatuetan egon behar: aztertu behar dute balio-kateetan zer toki duten, baita sortzen duten balioaren zein zati geratzen den beren esku ere. 

Koloniako Unibertsitateko Javier Revilla Díez irakasleak, azkenik, proposatu du merkatuak dibertsifikatzea eta berrikuntza teknologikoa elkarlanean lantzea. Txinarekiko mendekotasun kritikoak aztertzea, hornitzaileak eta ekoizpen-zentroak dibertsifikatzea eta gaitasun teknologikoak babestea gomendatu die enpresei. Europak industria-politika koordinatua eta energia lehiakorragoa ere behar dituela esan du. Bere hitzetan, Gipuzkoak "posizio indartsua" du, baina "ezin da iraganean pilatutako abantailez soilik fidatu".

Argazkia: Adegi
Argazkia: Adegi

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain