Itziar Agirre Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak ostiral honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan iragarri duenez, 2025eko ekitaldirako Gipuzkoako udalerriek 702 milioi euro jasoko dituzte Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik (FOFIM).
Ogasun eta Finantza foru diputatua lurraldeko udal ordezkariekin bildu da gaur goizean Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan, Foru Jauregian. Lehen aldiz gainditu da 700 milioi euroko langa”, adierazi du Agirrek, “eta hori oso berri ona da, zalantzarik gabe, lurraldeko udalerrientzat”.
Aurrekontuan aurreikusitakoa baino 29 milioi gehiago izango dira. Zehazki, %4,32ko igoera aurrekontuan jasotakoarekin alderatuta, eta %11,58 handitu da 2024ko likidazioaren aldean.
Datuen konfiantza
Eider Mendoza ahaldun nagusiak, 2025eko zerga-bilketari buruzko hausnarketa egin du. Bere aburuz, datuek “konfiantza” ematen dute, “enpresen lehiakortasuna babestuko duten politiketan aurrera egiten jarraitzeko, etorkizuneko industria-sektoreetan eta gaurko eta biharko zainketak bermatuko dituzten inbertsioetan”.
Gipuzkoak 6.725 milioi euro bildu zituen iaz, aurreko urtean baino 654,9 milioi euro gehiago. Hala, Mendozak lurraldeko ehun ekonomikoaren sendotasuna nabarmendu du, eta gaineratu du “horrek guztiak aukera emango digula markatutako norabideari erabakitasunez eusteko”, “pertsona guztien ongizate integrala” babesteko.
Diputatu nagusiak azpimarratu du diru bilketari buruzko datu onei esker Gipuzkoak 2026an politika eta proiektu berriak garatzen jarraitu ahal izango duela.