Foru Aldundiak Gipuzkoako turismo-jarduera sustatzeko diru-laguntzen lerro bat onartu du eta guztira 135.000 euro bideratuko ditu horretara. Deialdia Diputatuen Kontseiluan onartu da eta laster argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, dagokion informazio guztiarekin, eskabideak aurkezteko epea irekiz. “Jarduera turistikoa berreskuratzen ari garen honetan, ildo estrategikoetako bat da Gipuzkoan negozio-turismoaren sektorea suspertzea. Kongresu eta ekitaldietako turismoa zutabe garrantzitsua da sektorea indartzeko eta lurraldearen lehiakortasunari, proiekzioari eta garapen ekonomikoari laguntzeko. Ahalegin hori sendotu nahi dugu laguntza-lerro honekin”, nabarmendu du Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.
Deialdiak hiru laguntza-lerro izango ditu. Lehenak interes turistiko garrantzitsua duten eta kanpo-proiekzio mediatiko garrantzitsua duten azoka, erakusketa eta merkataritza-erakusketen antolaketara bideratuko dira. Laguntza gehienez ere 7.500 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko, baldin eta egun bateko iraupena badu, 10.000 eurokoa bi egunekoa bada, eta 12.500 eurokoa hiru egunekoa izanez gero.
Bigarren laguntza-lerroa interes turistiko garrantzitsua duten enpresen biltzar profesionaletara edo negoziokoetara, konbentzioetara eta ekitaldietan turismo-jarduerak egitera bideratuta egongo da. Zehazki, ekitaldiak animatzeko programa paraleloak antolatzen lagunduko da, hala nola, Gipuzkoako bisita turistikoak egiten, ikuskizunak kontratatzen, edota gala-ekitaldiak antolatzen. Laguntza gehienez ere 5.000 eurokoa izango da eta, ekitaldiak turismo-jarduera bat baino gehiago programatuta badu, 7.500 eurokoa.
Azken laguntza-lerroa interes turistikoa duten ekitaldi gastronomikoetara bideratua egongo da. Kasu horretan, udalek, beraien mendeko turismoa sustatzen duten erakundeek eta eskualdeko garapen-agentziek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak. Hala ere, lurralde- eta eskualde-mailako proiektuek lehentasuna izango dute tokikoen gainetik. Diru-laguntza, gehienez ere, 12.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko eta 18.000 eurokoa erakunde onuradun bakoitzeko.
Eskabideak eta gainerako agiriak Internet bidez aurkeztu beharko dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, bertan diru-laguntzen atarira sartuta.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta