• EKONOMIA
  • Gipuzkoako enpresen salmentak %2,1 hazi dira aurten

Gipuzkoako enpresen salmentak %2,1 hazi dira aurten

Zerbitzuetan eta eraikuntza sektorean izan da hazkunde handiena. Industria sektoreko salmentak, aldiz, behera egin dute

Irune Berasategi gaurko agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Irune Berasategi gaurko agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2023ko urriaren 3a - 14:00
Eg. 2023ko urriaren 3a - 14:06

Gipuzkoako Foru Ogasunak gaur argitara eman duen txostenaren arabera, 2023ko lehen zortzi hilabeteetan lurraldeko enpresen salmentak %2,1 egin dute gora, iazko epe berarekin alderatuz gero. Hala, hazkundea barne salmenten ondorioz izan da, %3,3 egin dute gora, eta esportazioetan ez da aldaketarik egon. Aitzitik, Gipuzkoako Foru Ogasunak azaldu duenez, irailean salmentak %2,4ko beherakada izan zuten, eta abuztuan %1,9 egin zuten gora berriz.

 

Urteko lehen zortzi hilabeteotan, hazkunde handiena zerbitzuen sektorean (%4,6) eta eraikuntzan (%7,7) eman da. Industria sektoreko salmentak, aldiz, behera egin dute (-%0,3). Gainera, beherakada nabarmenagoa izan da azken hilabeteetan, izan ere, %4,1 apaldu ziren uztailean eta beste %2,5 abuztuan.

Era berean, uztailean eta abuztuan enpleguak gora egin zuen Gipuzkoan, %1,9 eta %2,2, hurrenez hurren, eta baita soldatek ere, %6,7 eta %7,6. Irunek Berasaluze Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, lurraldearentzat giltzarri diren merkatuen moteltzeak eragin ditu datu hauek, industriarenak batez ere. Dena den, datu positiboak izaten jarraitzen dutela nabarmendu du, are gehiago, Gipuzkoako ekonomiarentzat 2022 urte ona izan zela kontuan hartuz.