Urteko lehen bederatzi hilabeteetan gora egin dute Gipuzkoako enpresen salmentek. Hala jakinarazi du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, zeinak zehaztu duen iaz baino %3,4 gehiago saldu dela. Igo egin dira bai lurralde barneko salmentak, bai lurraldetik kanpora egindakoak ere, nahiz eta barnealdeko (%5,0) eragiketetan izan den hazkunde gehiago, esportazioak %0,6 besterik ez baitira igo.
Gainera, hazkundea sektore guztietan gertatu da: %5,0 zerbitzuetan, %2,4 industrian eta %0,3 eraikuntzan. Esportazioei dagokionez, Europar Batasuneko (EB) salmentek eragin dute gorakada, %5,5 igo baitira; gainerako herrialdeei, ordea, %5,2 gutxiago saldu zaie.
Inportazioei erreparatuta ere datua handiagoa izan da: iazko epe berean baino %5,1 gehiago inportatu da. Esportazioekin ez bezala, EBtik kanpoko herrialdeetatik datozen erosketak gehiago handitu dira (%17,7) EBtik iritsitako salmentak baino (%0,4).
Enpleguari dagokionez, Gipuzkoako enpresetan lan egiten duten pertsonak iaz baino %0,5 gehiago direla ohartarazi du aldundiak. Langile horiei ordaindutako soldatak ere %4,2 hazi dira urtebetean, batez beste.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta