
Lau hilean behin argitaratzen dituen ikuspegi ekonomikoei buruzko emaitzak eman ditu aditzera gaur Gipuzkoako Ganberak. Industriako, eraikuntzako, zerbitzuetako eta tokiko merkataritzako sektoreetako 500 enpresek erantzun dute inkesta, eta, horiei esker, datuak eguneratu dira salmentei, esportazioei, enpleguari, inbertsioari eta enpresa-konfiantzaren bilakaerari buruz.
Ganberaren esanetan, lurraldeko ekonomiak “portaera sendoa” erakutsi du azken lauhilekoan, eta gogorarazi du EAEko BPG %2 hazi dela. Salmentak are gehiago handitu dira, %3,4, batik bat zerbitzuen sektorean (%4,2). Esportazioetan ere igoera nabarmena izan da, lehen hiruhilekoan %4,7 handitu baitziren. Esportazio horien artean, Asiara zuzendutakoak gailendu ziren (%38), baita Estatu Batuetara zuzendutakoak ere (%18); Europara salmentak, aldiz, %3,1 jaitsi ziren.
Enpleguari dagokionez, %0,7 hazi da lehen lauhilekoan, eta Gipuzkoako Ganberak azpimarratu du datu horrek “lan-merkatuan suspertzeko joera islatzen” duela. Hain zuzen, inkestatuek konfiantza eta egonkortasun giroa islatu dute. Hala ere, gogorarazi du nazioarteko testuinguru “korapilatsu eta zalantzazkoak” egoera alda dezakeela, besteak beste, petrolioaren prezioan.
Inkestatuei etorkizuneko erronken gainean galdetzean lan-kostuen igoera nabarmendu dute, baita marjinen murriztea, eskaeraren dezelerazioa, talentu “kualifikatua” erakartzeko zailtasuna eta erregulazio- zein burokrazia-karga handia ere.
Gauzak horrela, Gipuzkoako Ganberak deia egin du “lurraldearen lehiakortasuna indartzera”, eta Mauricio Arregui presidenteak enpresak animatu ditu “dibertsifikazioan jarraitzera”, batik bat, Europar Batasunetik kanpoko merkatuetara, “emaitza pozgarriak ikusten direlako”.