
Gipuzkoako Ganberak formakuntza saioak eskainiko dizkie enpresa arloko zuzendariei eta bestelako profesionalei, “finantzen oinarri bat” emateko eta finantzen ikuspegitik “erabakiak hartzeko gaitasuna indartzeko”.
Zehazki, honakoak dira eskuratu nahi diren gaitasunak: oinarri ekonomiko-finantzarioak maneiatzea eta bere erabakien inplikazio finantzarioak ezagutzea; finantza-zuzendaritzak erabilitako informazioan eta aldagaietan sakontzea; finantza-informaziotik abiatuta, datuak interpretatu eta egoerak kudeatu eta diagnostikatu ahal izateko beharrezkoa den informazioa aztertzea; finantza-ikuspegitik inbertsio-proiektuak ebaluatzea, funts propioen, espero den errentagarritasunaren eta inbertsioaren kostuaren arabera justifikatu ahal izateko; bere arloaren edo dibisioaren kudeaketa operatiboa optimizatzea, irizpide finantzarioetatik abiatuta; eta kostuak zein aurrekontuak kalkulatzen, kudeatzen eta kontabilizatzen ikastea.
Horretarako, bost modulutan banatuko da programa. Lehenengoan, finantza kontabilitatearen printzipioak eta oinarriak landuko dira. Bigarrenean, finantza-egoeren eta finantza operatiboen azterketa eta interpretazioa izango dira hizpide. Hirugarrenean kudeaketako kontabilitatean jarriko da fokua, eta, laugarrenean, finantza korporatiboak eta inbertsio-proiektuen balorazioa egingo da. Azkenik, bosgarren moduluan finantza plangintza, aurrekontuaren kontrola eta jarraipena landuko dira.
2025eko urriaren 15etik azaroaren 12ra egingo da 40 orduko programa. Goizeko 09:00etatik 14:00etara eta 14:30etik 17:30era bitartean bilduko dira parte hartzaileak, Garaia Parke Teknologikoan (Arrasate). Izena ematea doakoa izango da, FSE+en (Europako Gizarte Funtsa) finantzaketa baitu programak.