• EKONOMIA
  • Ikastaroen deialdi berria aurkeztu du Gipuzkoako Ganberak

Ikastaroen deialdi berria aurkeztu du Gipuzkoako Ganberak

Aurten, hiru arlo estrategiko berri gehitu dira: adimen artifiziala, berdintasuna eta enpresa osasungarria

200 ikastaro baino gehiago egingo dira | Argazkia: iStock
200 ikastaro baino gehiago egingo dira | Argazkia: iStock
2025eko irailaren 5a - 10:39

Prestakuntza eskaintza deialdi berria eman du aditzera Gipuzkoako Ganberak. Irailetik abendura bitartean egingo den edizioan 200 ikastaro baino gehiagok hartuko dute lekua, eta, kalkuluen arabera, gutxi gorabehera 3.000 pertsonek hartuko dute parte.

 

Katalogoko ikastaroek helburu dute, batetik, enpresen lehiakortasuna sustatzea, eta, bestetik, erronka berrietara egokitzen laguntzea; horretarako, pertsonengan eta berrikuntzan jartzen dute fokua, eta, hain zuzen, aurten hainbat berritasun txertatuko dituzte ikastaroetan. Izan ere, hiru arlo estrategiko gehituko dira: adimen artifiziala, berdintasuna eta enpresa osasungarria. Beste esparruak ere mantenduko dira: digitalizazioa, finantzak, marketina, logistika, hizkuntzak…

Ganberak gogorarazi du “laneratzeko erronka handienei aurre egiten dieten kolektiboekiko konpromisoa indartuko duela”, alegia, programa espezifikoak egingo dira 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako eta 45 urtetik gorako pertsonentzako. Bestalde, enpresei bideratutako bestelako laguntza-zerbitzuak ere eskuragarri izango dira: negozioen behar zehatzetara egokitutako plan pertsonalizatuak diseinatzea, pertsonen konpetentziak  eta talde prozesuak sustatzea, talentua erakartzen laguntzea…