Gipuzkoako Ganberak espero du lurraldeko BPGa %2 handitzea aurten. Lehenago eginiko aurreikuspena mantendu du erakundeak, nazioarteko egoera gorabeheratsua izan arren. Gaur goizean egindako agerraldian jakinarazi dutenez, “lurraldeko enpresa-jarduerak bilakaera positiboa izaten jarraitzen duela egiaztatu” dute, eta enpleguaren eta inbertsioaren inguruko aurreikuspen baikorrak egin dituzte.
Lurraldeko hainbat enpresekin ondutako inkesta ere plazaratu du Gipuzkoako Ganberak. Enpresa gehienek datozen hilabeteetarako ikuspegi positiboa dute, nahiz eta sektoreen arteko aldeak gero eta handiagoak izan eta nazioarteko egoera ekonomikoarekiko konfiantza apaldu den.
Gipuzkoako enpresek datozen hamabi hilabeteetan hazkunde erritmoari eustea espero dute. %80k jarduera mantendu edo handituko duela uste du, eta %20k murrizketa aurreikusten du. Hori bai, zerbitzuen sektoreak dinamismo handia erakusten jarraitzen duen bitartean, industria sektore jakin batzuetan jardueraren beherakada eta eskariaren ahultzea sumatzen ari dira.
“Gipuzkoako ekonomiak sendotasuna erakusten jarraitzen du nazioarteko testuinguru konplexu batean, nahiz eta sektoreen arteko bilakaera gero eta desorekatuagoa izan eta eskariaren bilakaerari arreta handiz jarraitu behar zaion”, adierazi du Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusiak.
Lurraldeko konpainien ia %90ek datozen hamabi hilabeteetan lantaldea mantendu edo handitzea aurreikusten du. Inbertsioari dagokionez, hamar enpresatik zortzik baino gehiagok inbertsioak mantendu edo handitzea espero du.