Gipuzkoako pertsonen %18,9k uste du lurraldeko ekonomiak hobera egingo duela datorren urtean. Gainera, herritarren %28k iritzi dio lurraldeak hobera egin duela azken lau urteetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako Soziometroaren emaitzak dira horiek, zeinak Irune Berasaluze foru bozeramaileak aurkeztu dituen gaur goizean.
Egoera ekonomiko pertsonalaren batez besteko balorazioa 10etik 6,64 puntukoa da, inkestaren arabera. “Datuek egonkortasunean aurrera egiten duen Gipuzkoa bat irudikatzen dute, ziurgabetasun testuinguru batean bai, baina bere eredu ekonomiko eta sozialean konfiantzarekin eta komunitateari balioa emanez”, adierazi du Berasaluzek.
Gipuzkoarrek euren ongizate mailari 7,49ko puntuazioa ematen diote batez beste, aurreko urteko mailaren antzekoa litzateke. Halaber, gipuzkoarren %70,7k uste du beren bizi-maila egonkor mantendu edo hobetu ere egin dela. “Datu horiek gizarte kohesionatu bat islatzen dute, kapital komunitario indartsuarekin, lagunduta eta babestuta sentitzen dena”, esan du foru bozeramaileak.
Etxebizitza da kezka nagusia
Etxebizitza da Gipuzkoako gizartearen ardura nagusia, %54,3k hala dio. Hilabete gutxitan lau puntu baino gehiago igo da ehuneko hori. Enpleguari buruzko kezkak ere gora egin du: %30,4, aurreko neurketan baino bost puntu gehiago.
Osasuna herritarren %20,9k du kezka nagusitzat eta %15,4ri segurtasunak arduratzen die.
Euskararen egoerari buruzko balorazioa hamarretik sei puntuko da, eta %36,4raino igo da euskararekiko jarrera okertzen ari dela uste dutenen ehunekoa. Aldi berean, emakumeen eta gizonen berdintasun-mailari buruzko pertzepzioak zertxobait okerrera egin du, 6,33 puntutan kokatu delarik.