Gipuzkoako Ogasunak 182,7 milioiko zerga iruzurra atzeman zuen iaz

90.000 esku-hartze baino gehiago egin ditu ogasunak. Iruzur kasuek gora egin dute lurraldean (%6)

Iruzur fiskalaren inguruko agerraldia | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Iruzur fiskalaren inguruko agerraldia | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 182,7 milioi euroko zerga iruzurra atzeman zuen 2023an, hauen aurkako borrokan egindako 90.586 eragiketen ondorioz, batez beste 248 egunean. Hala, 2022an baino %5,86 iruzur gehiago atzeman dira 2023an. 

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak agerraldia egin du asteazken honetan, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin batera, Gipuzkoako zerga-iruzurraren aurkako borrokaren emaitzen berri emateko. Iruzur datuak zergaz zerga azaldu dituzte: guztira 49,2 milioi euroko iruzurra atzeman zuten Pertsona Fisikoen gaineko Zergan (PFEZ) eta 27,9 milioi euro Ondarearen gaineko Zergan; 27,9 milioi eurokoa Sozietateen gaineko Zergan; 101,2 milioi eurokoa Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ); eta 4,3 milioi eurokoa gainerako zergetan.

Denera, 34.161 esku-hartzen egin zituzten PFEZn eta Ondarearen gaineko Zergan, 4.397 Sozietateen gaineko Zergan, 40.797 BEZan eta 11.231 gainerako zergetan. Guztira, zorra 158,8 milioi eurokoa izan da, eta horri gehitu behar zaizkio 15,7 milioi euro interes eta errekarguetan, eta beste 8,2 milioi isunetan.

Peronak gogorarazi duenez, ziurgabetasun egoera bizi arren, 2023. urtea positiboa izan zen, eta ekonomia, enplegua eta enpresak indartzen jarraitu zuten. Era berean, foru erakundeak datuaren ekonomia proiektu berritzaileen bidez gidatzen jarraitzeko duen konpromisoa nabarmendu du, "hori guztia herritarrei eta jarduera ekonomikoei kalitate handiagoko zerbitzua emateko eta iruzur espazioak murrizten jarraitzeko helburuarekin".

Halaber, aldundiak hiru esku-hartze mota gauzatu dituela jakinarazi du: informazioa lortzera bideratutakoak, prebentzio jarduketak eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehenengo multzoan, nabarmentzekoa da, azken ekitaldietan berehalako informazio hornidurarekin (BHI/SII) edo TicketBAI proiektuarekin garatutako proiektuei esker, Foru Ogasunak 480 milioi faktura inguru lortu dituela. Aurrekoaz gain, 5 zerga administrazioen artean trukatutako 13,5 milioi zerga ereduak gehitu behar dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK