Gipuzkoako Foru Ogasunak 190 milioi euro erregularizatu zituen iaz zerga iruzurraren prebentzio ekintzen bidez. 60,3 milioi euro pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta ondarearen gaineko zergan erregulatu ziren, 24,8 milioi euro sozietateen gaineko zergan, 99,7 milioi euro balio erantsiaren gaineko zergan, eta 5,8 milioi euro gainerako zergetan.
Itziar Agirre Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak eman du gaur iruzurraren aurkako jardueren berri Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean. Ogasunak 90.586 jarduketa egin zituen guztira joan den urtean: 36.721 PFEZaren eta ondarearen gaineko zergaren kasuan, 3.974 sozietateen gaineko zergarenean, 40.469 BEZean eta 13.992 gainerako zergetan.
Gauzak horrela, kuotagatik erregularizatutako zorra 161,5 milioi eurokoa izan da, eta horri 18,5 milioi euro gehitu behar zaizkio interes eta errekarguengatik eta beste 10,7 milioi euro gehiago zehapenengatik.
Gipuzkoako ogasunak zergadunei ematen dien laguntza zerbitzuari dagokionez, Agirrek azaldu du iaz 1.248 zerga kontsulta kudeatu zirela, eta urte osoan zehar 435.630 deiri erantzun zitzaiela. Nabarmendu duenez, "bi zerbitzu horiek berebiziko garrantzia dute iruzurra prebenitzeko jarduketetan, edozein eragiketa egin aurretik zalantzak argitzen laguntzen dutelako eta zergadunei segurtasun juridikoa ematen dietelako".
Azkenik, erregulazio eta kobrantza jarduketetan, hainbat zergatan antzemandako inkoherentziek 62,26 milioi euro inguru erregularizatzea ahalbidetu dutela jakinarazi du aldundiak. Halaber, Agirrek adierazi du oraindik beharrezkoa izan dela aitorpena aurkeztu ez dutenei 670 likidazio baino gehiago egitea 2,9 milioi eurotik gorako iruzurragatik.