Gipuzkoako salmentak %2,3 hazi ziren iaz

Enpleguak %1,4 egin du gora. Irune Berasaluze foru aldundiko bozeramaileak "urte ona" izan dela adierazi du

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Pasa den abenduan Gipuzkoako salmentak %5,1 handitu ziren, 2022ko epe berarekin alderatuz gero. Lurraldeko foru ogasunak enpresen egoerari buruzko txostenaren azken datuak jakinarazi ditu gaur, eta hazkundea barne salmentei esker (%5,6 hazi ziren) izan dela azaldu dute. Era berean, kanpo salmentek ere gorakada izan dute abenduan (%4,3).

Enpleguari dagokionez, abenduan %1 hazi zen, 2022ko hilabete beraren aldean. Batez ere, gorakada industria sektorean etorri da, %2 hazi baita enplegua bertan.

Hala, 2023 guztia kontua hartuta, lurraldeko salmentak %2,9 egin dute gora. Barne salmentak %4,2 handitu dira 2022aren aldean, eta esportazioak %0,8. Sektoreka, eraikuntzan izan da salmenta hazkunde handiena (%10,4). Zerbitzuetan ere gora egin du (%4,4), baita industrian ere (%0,8).

Enplegua, 2023an, %1,4 hazi zen, 2022arekin erkatuta. Zerbitzuen sektorean izan da hazkunderik handiena, %1,7 langile gehiago baitaude bertan. Industria sektorean ere enplegua zertxobait hazi da, %1,3 hain zuzen.

Irune Berasaluze foru aldundiko bozeramailearen hitzetan, 2023a “urte ona” izan da, “jarduera maila ona mantentzeko gai izan baitzen egoera zailean, kontuan harturik inflazio altua, ekonomia globala baldintzatzen duten gatazka geopolitikoak edo Gipuzkoako enpresentzat funtsezkoak diren herrialdeen motelaldia, hala nola Alemania eta Frantzia”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK