Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) lurraldeko errepide sarea mugikortasun eredu berrietara egokitzeko beste urrats bat egingo du. Bidegik esleitutako lanen bidez, AP-1eko Arrasate eta Eskoriatzako zerbitzuguneetan eta AP-8ko Hernanikoetan ibilgailu elektrikoentzako karga azkarreko harguneak jarriko dituzte 2027aren hasierarako. Jarduketak 3 milioi euroko inbertsioa izango du.
Foru Aldundiaren arabera, lanek bi helburu nagusi izango dituzte. Alde batetik, zerbitzuguneen antolaketa aldatzea, bide segurtasuna indartzeko eta barruko zirkulazioa hobetzeko. Bestetik, berrantolaketa horri esker, potentzia handiko kargagailuak jartzeko beharrezko espazioak prestatzea.
Lehen fasean, sei zerbitzuguneetako bakoitzean bi kargagailu bikoitz jarriko dituzte. Horrela, lau ibilgailuk aldi berean kargatu ahal izango dute geltoki bakoitzean. Azpiegitura, hala ere, etorkizunean handitzeko moduan diseinatu da, eta eskariaren arabera karga puntuak gehitu ahal izango dira, gehienez 12 ibilgailuri zerbitzua emateraino.
Instalatuko diren kargagailuak karga azkarrekoak izango dira, eta erabiltzaileek ibilgailuaren bateriaren %80 inguru 15 minutuan kargatu ahal izango dute. Horren bidez, itxaronaldiak laburtzea eta joan-etorriak erraztea espero da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta