• EKONOMIA
  • Gipuzkoako zerga berrikuspena aurrera atera da

Gipuzkoako zerga berrikuspena aurrera atera da

Itziar Agirre Ogasun diputatuak adierazi du foru arauak 70.000 zergadunei mesede egingo diela

Gipuzkoako Batzar Nagusiak | Argazkia: Europa Press
Gipuzkoako Batzar Nagusiak | Argazkia: Europa Press
2025eko maiatzaren 7a
Eg. 2025eko maiatzaren 7a

Gipuzkoako Batzar Nagusiek zerga berrikuspena onartu dute gaur. EAJ eta PSE-EEk akordioa lortuta zuten Elkarrekin Podemosekin eta arazorik gabe atera dute aurrera erreforma. EH Bildu eta Alderdi Popularrak aurka bozkatu dute.

 

Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak osoko bilkuran egindako hitzaldian gogorarazi duenez, berriskupenaren helburua da "fiskalitatetik gure gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiten laguntzea, hala nola desberdintasun-mailak murriztea, etxebizitza eskuratzea, demografia edo trantsizio energetikoa”. Bere esanetan, bide “luzea” egin behar izan dute berrikuspena aurrera ateratzeko, zeina “harmonizatua” izango den. Halaber, akordioak 70.000 zergadunei mesede egingo diela gaineratu du, gazteei, nagusiki.

Araban eta Bizkaian zerga berrikuspena duela hilabete onartu zen. Foru arau berriak zenbait neurri aurreikusten ditu, hala nola zerga aitorpena egiteko betebeharraren gutxieneko diru-sarrerak 20.000 eurokoak izatearenak. Bada, Ogasun diputatuak eskerrak dizkie gobernua osatzen duten bi alderdiei eta Elkarrekin Podemosi.

 

EH Bilduk adierazi du euren proposamenak 900 milioi euro gehiago biltzeko asmoa zuela, eta osoko zuzenketa bat aurkeztu zion erreformari. Gaur, ordea, bederatzi zuzenketa partzial proposatu dituzte Batzar Nagusietan. PPk, bestalde, 72 zuzenketa aurkeztu dizkio foru arauari, baina ez dira aurrera atera.