• EKONOMIA
  • Gipuzkoako zerga bilketa %16,3 handitu da uztailera arte

Gipuzkoako zerga bilketa %16,3 handitu da uztailera arte

Guztira 3.105,7 milioi euro bildu dira, 2024ko aldi berean baino 434,5 milioi gehiago

Gipuzkoako Foru Ogasuneko eraikina | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako Foru Ogasuneko eraikina | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2025eko abuztuaren 12a - 13:24

Uztailera arte, Gipuzkoako zerga bilketa %16,3 handitu da, iazko epe beraren aldean. Guztira 3.105,7 milioi euro bildu dira, 2024ko aldi berean baino 434,5 milioi gehiago. Diru sarrera gordinak %7,8 igo dira, eta itzulketek, berriz, %10,2 egin dute behera. Zuzeneko zergen bilketa %17,5 hazi da, zeharkako zergena %12,6, eta Espainiako Estatuarekiko egokitzapenenek %25,3ko igoera izan dute.

 

Zergen arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 5,6 igo dira, hau da, 66,5 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Kapital higikorraren etekinen atxikipenak 21,9 milioi handitu dira eta ondare irabazien atxikipenak, berriz, 28,3 milioi murriztu. Denera, PFEZaren zerga bilketa garbia %18,6 handitu da, hau da, 187,1 milioi euro.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, diru-sarrerak 3,2 milioi euro areagotu dira uztailera arte, %8,4 gehiago, 2024ko aldi berarekin alderatuta, diru-sarrera gordinak 6,2 milioi euro handitu direlako. BEZari dagokionez, bilketa metatua %16,1 hazi da, hau da, 108,8 milioi euro gehiago bildu dira.

 

Zerga berezien kasuan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketak %6,2ko hazkundea izan du, hau da, 4,5 milioi euro gehiago. Era berean, argindarraren gaineko zergaren bilketa %103,7 handitu da, zazpi milioi gehiago aurreko urtearekin alderatuta.