
Gipuzkoarrek 36 proiekturen artean aukeratu ahal izango dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022-2023 Aurrekontu Irekien bigarren fasean. Foru erakundeak bi milioi euro inbertituko ditu boto gehien jasotzen dituzten ekimenak gauzatzeko.
Eider Mendoza Gobernantza diputatuak Mikel Pagola Herritarren Partaidetzarako foru zuzendariarekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, udaberrian egin zen ekimenaren lehen fasean, 1.541 herritarrek 2.398 proposamen egin zituzten. Mendozak azaldu duenez, aurreko legealditik Aldundia Aurrekontu Irekien hainbat ekimenekin ari da lanean, eta gogorarazi du aurtengo berrikuntza nagusietako bat bi urtean behingo proiektua dela: 2022an eta 2023an.
Proiektua udaberrian jarri zen martxan, eta, orduan, apirilaren 26tik maiatzaren 20ra bitarteko lehen fasean, proposamenak "modu ireki eta askean" egiteko aukera eskaini zitzaien herritarrei. Azken hilabeteetan, Aldundiko teknikariek lehen fasean bildutako herritarren proposamen horiek aztertu dituzte eta forma eman diete, 36 proiektu identifikatuz.
Bigarren fasea astelehen honetan hasi da eta urriaren 7ra arte irekita egongo da. Bertan parte hartzeko lau modu daude: www.gipuzkoa.eus/Parte-hartzea webgunearen bidez; posta arruntaren bidez etxeetan jasoko diren txarteltxoen bidez; parte hartzeko txartelak Aldundian eta udaletako informazio-bulegoetan utziz; edo herritarrekin aurrez aurreko topaketetan bozkatuz.
Bigarren fase honetan, karpa batek eskualde guztietako herriak bisitatuko ditu. Fase honetan boto gehien jasoko dituzten proiektuak aurrekontu irekien bidez finantzatuko direnak izango dira. Fase hori amaitutakoan, urriaren erdialdean, partaidetza-prozesu osoaren emaitzak bildu eta sozializatuko dira, eta herritarrek hautatutako proiektuak abian jarriko dira.
Mendozak gogorarazi du iazko prozesuan, fase guztietan, 7.000 pertsonak hartu zutela parte, eta 2022-2023 aldirako Aurrekontu Irekien erronka "kopuru hori hobetzea" dela.
Proiektuak
36 proiektuak hainbat arlotan banatuta daude. Kulturaren eta aisialdiaren esparruan bi proiektu daude: Gipuzkoako gazteen talentua sustatzea (200.000 euro) eta Gipuzkoako ondarea zaharberritzea (200.000 euro).
Gizarte-politikaren esparruak zortzi proiektu ditu: gizarte-bazterketako osasun mentalari buruzko sentsibilizazio-kanpaina (50.000 euro), familiarik gabeko gazteentzako prebentzio-programa eta jarduera komunitarioak (50.000 euro), etxerik gabeko pertsonentzako aterpe-plazak irekitzea (200.000 euro), kontsumo hasiberriei aurrea hartzeko programa, eskola-porrota eta portaera-arazoak (50.000 euro), buru-nahasmendua duten adingabeentzako eguneko zentroa (75.000 euro), gaixotasun mentala duten pertsonentzako aukera juridikoak sozializatzea (50.000 euro).
Ingurumenari dagokionez, lau proiektu aurreikusten dira: ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen sarea (200.000 euro), Gipuzkoako energia-eraldaketa komunitarioko bulegoa sortzea (200.000 euro), Gipuzkoako ibai-arroak, hondartzak eta itsasertzak garbitzea (200.000 euro) eta Aldundiaren jarduerari lotutako karbono-aztarna konpentsatzea (200.000 euro).
Landa-munduaren eta mendien kasuan, beste lau proiektu proposatzen dira: mendi publikoak garbitzea eta mantentzea (200.000 euro), basoak espezie autoktonoekin basoberritzea (200.000 euro), landa-ingurunean bide homologatuak egokitzea (100.000 euro) eta elikadura jasangarria eta osasungarria bultzatzeko ekintzak (200.000 euro).
Euskararen arloan, bestalde, herritarrek bost proiektu proposatu dituzte: Galtzaundi egunkaria digitalizatzea (50.000 euro), gizartean euskara gehiago ulertzea (100.000 euro), lantokietan euskaraz lan egitea (100.000 euro), euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko bekak (195.000 euro) eta kirolaren esparruan euskara sustatzea (100.000 euro).
Mugikortasunaren eta garraioaren arloan, berriz, beste hiru proiektu proposatu dira: bizikleta-bideen erabilera partekatuari buruzko gida (50.000 euro), bizikletak elektrifikatzeko diru-laguntzak (200.000 euro) eta hiri-altzariak, pixatokiak eta foru-bidegorrietako iturriak instalatzeko diru-laguntzak (200.000 euro).
Gazteen eta kirolaren kasuan, bost proiektu aurreikusten dira: udalekuetarako eta udako jardueretarako plazak handitzea (200.000 euro), gazteentzako aisialdi osasungarrirako alternatibak (200.000 euro), gazteentzako topaguneak sortzea (200.000 euro), udaletako kirol-zerbitzuak zabaltzeko diru-laguntzak (200.000 euro) eta herritarrentzako sarbide libreko kirol-instalazioak eraikitzea bultzatzea (200.000 euro).
Halaber, ekonomian, enpleguan eta turismoan hiru proiektu aurkeztu dira: denbora bankuak martxan jartzea (135.000 euro),
Gaitasun humanistiko eta sozialak enpresa-jasangarritasunean (200.000 euro) eta gazteek sustatutako enpresa-proiektu berriak finantzatzea (200.000 euro).
Azkenik, berdintasunaren eta aniztasunaren arloko proiektu bat proposatu da, kirol-ekipamenduak genero-ikuspegitik erabiltzea (50.000 euro) eta bide-azpiegituretan beste bat, motorzaleak babesteko sistemak instalatzeko azterlan bat (70.000 euro).