Urtero ehunka gazte euskaldunek atzerrian lan egiteko aukera izaten dute Global Training programari esker. Beka horren bitartez, mundu osoko enpresa eta erakundeetan praktikak egiten dituzte hainbat hilabetez, nazioarteko lan-inguruneetan esperientzia eskuratuz eta beste lan egiteko dinamika batzuk ezagutuz.
6,4 milioi euroko aurrekontuarekin eta urtero banatzen diren 445 bekekin, programak aukera ematen die gazteei mundu osoko enpresa eta erakundeetan sei hilabeteko praktikak egiteko. 2012an sortu zenetik, 5.500 gazte baino gehiagok parte hartu dute ekimen honetan, talentu gaztearen nazioartekotzea sustatzeko helburuarekin.
Bekadunek hilean 1.635 euro inguruko laguntza eta praktikaldia hasi aurretik nazioarteko lan-inguruneetara egokitzeko prestakuntza jasotzen dute. Programaren helburua gazteek nazioarteko esperientzia eskuratzea, beste lan egiteko modu batzuk ezagutzea eta gero eta globalagoa den lan-merkatuan moldatzeko gaitasunak garatzea da.
6,4 milioi euroko aurrekontuarekin eta urtero banatzen diren 445 bekekin, programak aukera ematen die gazteei mundu osoko enpresa eta erakundeetan sei hilabeteko praktikak egiteko
Nazioarteko egonaldi horiek gero eta garrantzitsuagoak dira gaur egungo lan-merkatuan, enpresa askok balio berezia ematen baitiete nazioarteko inguruneetan lan egiteko gai diren profilei. Hizkuntza gaitasunak, moldagarritasuna eta kultura arteko komunikazioa bezalako trebetasunak gero eta garrantzitsuagoak dira ekonomia globalizatu batean.
Horren adibide da Maite Iglesias debarra. Komunikazioko gradua amaitu zuen Deustuko Unibertsitatean 2022an, eta urte bereko urrian Belgikara joan zen Global Training bekarekin komunikazio arloko praktikak egitera AEIDL (European Association for Innovation in Local Development) elkartean.
Iglesiasek azaldu duenez, beka eskatu zuenean bere helburu nagusia nazioarteko esperientzia bat bizitzea zen, ingelesa hobetzeko eta Euskal Herritik kanpo lan egitea eta bizitzea nolakoa zen ezagutzeko. Praktikaldia amaitu ondoren, ordea, enpresak lan-kontratua eskaini zion eta Bruselan jarraitzea erabaki zuen. Gaur egun, bi urte baino gehiago daramatza Belgikako elkartean lanean.
Bere ibilbideak nazioarteko egonaldi batek gazteen garapenean izan dezakeen eragina erakusten du. Atzerrian lan egiteak hizkuntza gaitasunak sendotzeaz gain, nazioarteko harreman profesionalak garatzeko eta ingurune anitzetan lan egiteko gaitasuna indartzen du. Halako esperientziek gazteen autonomia eta moldagarritasuna ere hauspotzen dituzte, askotan ingurune profesional berrietara azkar egokitu behar baitute.
Atzerrian lan egiteak hizkuntza gaitasunak sendotzeaz gain, nazioarteko harreman profesionalak garatzeko eta ingurune anitzetan lan egiteko gaitasuna indartzen du
Hala ere, dimentsio pertsonal eta profesional horretatik harago, programak beste irakurketa bat ere badu politika publikoaren ikuspegitik. 6,4 milioi euroko aurrekontua eta urtero ematen diren 445 bekak kontuan hartuta, Global Training programaren kostua 14.000 euro ingurukoa da bekadun bakoitzeko. Horrek erakusten du gazteen nazioarteko esperientzia sustatzeko ekimenak inbertsio publiko esanguratsua eskatzen duela.
Testuinguru horretan, galdera ekonomiko bi sortzen dira: zein da inbertsio publiko horren itzulera? Eta zer gertatzen da nazioarteko esperientzia hori eskuratzen duten gazteekin?
Programaren arduradunek azaldu dutenez, ez dago datu sistematikorik bekadunek programaren ondoren egiten duten ibilbide profesionala edo nazioartean eskuratutako esperientziak tokiko ekonomian duen eragina zehaztasunez jakiteko. Haien arabera, programaren arrakasta beste parametro batzuetan neurtzen da: euskal gazteek nazioarteko prestakuntzan eta lan-esperientzian interesa izaten jarraitzea urtez urte, eta, kasu askotan, nazioartekotzearekin lotutako ibilbide profesionalak garatzea.
Global Training programaren eragina argia da maila indibidualean. Inbertsio publikoaren ikuspegitik, ordea, haren itzulkin ekonomikoa neurtzea zailagoa da oraindik
Iglesiasen kasuak bekak nazioarteko lan-merkaturako ate bat ireki dezakeela erakusten du. Hala ere, bere etorkizun profesionala gaur egun Belgikan kokatzen da, eta Euskal Herrira itzultzea oraingoz ez dago bere berehalako planen artean.
Horrek beste galdera bat ere sortzen du ikuspegi ekonomikotik: nazioarteko esperientzia horiek lurraldeko ekonomian zer nolako ekarpena egiten dute? Izan ere, kontuan hartu beharra dago parte-hartzaile askok beren ibilbidea atzerrian garatzen jarraitzen dutela.
Global Training programaren eragina argia da maila indibidualean. Inbertsio publikoaren ikuspegitik, ordea, haren itzulkin ekonomikoa neurtzea zailagoa da oraindik, batez ere nazioarteko esperientzia hori eskuratzen duten profesional askok beren ibilbide profesionala kanpoan garatzen jarraitzen badute.