Goi postuetan emakume gehiagoren beharra aldarrikatu du Emakundek

Emakumearen Nazioarteko Egunerako kanpaina aurkeztu dute. 'Emakumeak Gora' izango da aurtengo leloa

Emakumeen Nazioarteko Egunerako kanpainaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Irekia Emakumeen Nazioarteko Egunerako kanpainaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Irekia

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek, Emakunderekin elkarlanean, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, martxoaren 8rako kanpaina aurkeztu dute. 'Emakumeak Gora' izango da aurtengo leloa, “goi postuetan, alegia, ardura postuetan, emakume gehiago egoteko beharra” dagoelako, eta hori lortzeko baldintzak garatu behar direla azaldu dute aurkezpenean. Horrez gain, zaintza partekatzeko beharra ere aldarrikatu dute, gaur egun zaintzarako hartzen diren lau baimenetako hiru emakumeek hartzen dituztelako.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak azaldu dituzte kanpainaren xehetasun guztiak. Sailburuak adierazi duenez, “kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak”. Hala, azaltzen da, adibidez, Euskadin goi mailako ikasketak dituztenen artean %60 emakumeak direla, baina, gero, emakumeek gerentzia postuen %6 baino ez dutela betetzen, “ez prestakuntza faltagatik, rol sexistak mantentzen direlako baizik”.

Bestalde, duela egun batzuk Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan sailburuak 2024ko martxoaren 8a jaiegun izateko proposamena egin ondoren, Emakundek aitortu du ezustean harrapatu duela. Hala adierazi du Elgarrestak, eta erantsi du berak ez duela aurrez proposamen honen berririk izan. Testuinguru horretan, gizarte eragileen parte hartzea eta Legebiltzarreko eztabaidak ere aintzat hartzea beharrezkoa dela iritzi dio.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK