• EKONOMIA
  • Martxan da Goierriko enpresa ekimen berrien lehiaketaren 29. edizioa

Martxan da Goierriko enpresa ekimen berrien lehiaketaren 29. edizioa

1997an sortutako ekimenak enpresa ideia berriak, enpresetako berrikuntza eta gizarteratzea sustatuko ditu, 6.000 eta 2.000 euroko sariekin

2025eko saridunak | Argazkia: Goieki
2025eko saridunak | Argazkia: Goieki
2026ko uztailaren 23a - 11:51

Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketa 1997an jarri zen martxan, 90eko hamarkadako egoera ekonomiko zailari eta langabezia handiari erantzuteko eskualdean egindako lehen plan estrategikoaren ondorioz. Eragile sozioekonomikoen parte-hartzearekin landutako plan hartatik sortu ziren hainbat ekimen, tartean enpresa ideia berritzaileak bultzatzeko lehiaketa.

 

Lehiaketak hiru kategoria izango ditu. Enpresa Ekimen Berriak izenekoak 6.000 euroko saria banatuko du, eta ekintzaileak, berrikuntza, enpresen garapena eta eskualdeko enplegua eta aberastasuna sustatzea izango ditu helburu. Goieki Goierriko Garapen Agentziak azaldu duenez, Goierrin garatu daitezkeen enpresa proiektuak babestu nahi dituzte.

Beste bi kategoriek, Enpresan Buruturiko Proiektu Berritzaileak eta Gizarte Inklusioa Ekintzailetzaren Bitartez izenekoek, 2.000 euroko saria izango dute bakoitzak. Lehenengoak enpresen barruko ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea du xede, eta bigarrenak, berriz, lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei ekintzailetzaren bidez aukera berriak eskaintzea eta egindako ahalegina aitortzea.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain