Goya Sarien astea askotan ekitaldi kultural huts gisa aurkezten da: alfonbra gorriak, diskurtsoak eta izen ezagunak nagusi. Euskal ikus-entzunezko industriarentzat, ordea, azken edizioetako izendapenek esanahi zabalagoa dute. Aurten Los domingos eta Maspalomas filmak hautagai nagusien artean egotea ez da aitortza sinboliko bat soilik; azken hamabost urteotan sektorean gertatu den eskala-aldaketaren adierazle zehatza da.
2010ean, euskal ikus-entzunezkoek bazuten presentzia artistikoa, baina ez egitura industrialik. Baziren filmak eta sortzaileak Espainiako industrian lanean, baina jarduera hori ez zen tokiko sistema autonomo batean antolatzen. Proiektuak kasuan kasu sortzen ziren, ekoizpen-egiturak txikiak ziren, eta arrakasta batek ez zuen hurrengoa bermatzen. Kulturaren Euskal Behatokiaren arabera, enpresen %80k bi langile baino gutxiago zituen, eta jarduera proiektuz proiektu antolatzen zen, jarraikortasunik gabe. Bizkaian bertan, ikus-entzunezko tradizio handia izan arren, filmaketa-bolumena mugatua zen. 2010ean, Bilboko Film Komisioak 62 ekoizpen erregistratu zituen. Kopuru horrek ez zuen ahalbidetzen ez talde tekniko egonkorrak finkatzea, ezta epe ertainera planifikatzea ere. Talentua bazegoen. Industria, ez.
Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, gaur egun ikus-entzunezko sektoreak (zinema, telebista eta eduki digitalak barne) 472 milioi euro inguruko balioa sortzen du urtean, kultura-ekonomiaren ia %27
Hamabost urte geroago, panorama bestelakoa da. Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, gaur egun ikus-entzunezko sektoreak (zinema, telebista eta eduki digitalak barne) 472 milioi euro inguruko balioa sortzen du urtean, kultura-ekonomiaren ia %27. Enpleguari dagokionez, 28.500 lanaldi osoko lanpostu inguru sortzen ditu. 2024an, Euskal Herrian 250 ekoizpen baino gehiago egin ziren, eta 1.550 filmaketa-egun izan ziren; horietatik 1.000 baino gehiago Bizkaian soilik.
Los Domingos eta Maspalomasen kasuak
Aldaketa hori ez da kasualitatea izan. Ander Barinagaren, Maspalomas filmaren ekoizlearen arabera, euskal zinemagintzak gaur egun duen posizioa osatu den dirulaguntza sistemaren eta politika publikoen ondorio zuzena da. “Kenkari fiskalen sendotzeak eta dirulaguntza publikoak egituratzeak, EITBk euskal ekoizpenetan inbertitzeko duen derrigortasunarekin batera, merkatu minimo bat bermatu dute. Eta horrek guztiak ekarri gaitu momentu honetara”, dio. Ondorioz, talde tekniko eta artistikoak garatu dira, profil espezializatuak finkatu dira eta sektorea egonkortu da. Barinagaren ustez, apustu publiko bat egin da sektore estrategiko baten alde (kulturala eta ekonomikoa aldi berean), eta horrek garapena ekarri du zentzu guztietan.
Ikus-entzunezko sektorea sendotu den neurrian, hark lehiatzeko duen gaitasuna ere handitu da. Testuinguru horretan ulertzen dira hobeto Los domingos eta Maspalomas filmen izendapenak aste honetan egingo diren Goya Sarietan.
Ander Barinaga (Maspalomasen ekoizlea): “Kenkari fiskalen sendotzeak eta dirulaguntza publikoak egituratzeak, EITBk euskal ekoizpenetan inbertitzeko duen derrigortasunarekin batera, merkatu minimo bat bermatu dute"
Los Domingosek, Alauda Ruiz de Azúaren zuzendaritzapean, hamahiru izendapen lortu ditu. Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean, 2025ean Espainiako film ikusienen artean izan zen, 600.000 ikusletik gora eta 3,9 milioi eurotik gorako diru-sarrerak pilatuta. Jaialdi-zirkuitua, aretoetako emaitzak eta sariak uztartu ditu, eta Euskal Herrian sortutako ekoizpen batek ibilbide komertzial sendoa izan dezakeela erakutsi du, banatzaileekin eta plataformekin negoziatzeko orduan indar-posizioa lortuz.
Maspalomasek, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren eskutik, beste indar mota bat erakutsi du. Bederatzi izendapen lortu ditu, eta 740.000 eurotik gorako diru-sarrerak eta 120.000 ikusle bildu ditu. Bere kasuan, gakoa ez da hasierako eztanda izan, iraunkortasuna baizik. Zinema-aretoetan izan duen presentzia jarraituak eta sari-zirkuituan egindako ibilbideak filmaren bizitza komertziala luzatu dute, hilabetez hilabete aktibo mantenduz. Hori dela eta, 2025eko euskarazko film ikusiena bilakatu da.
Sariek zertan laguntzen dute
Sariak marketin-tresna bat gehiago direla uste du Barinagak. Izendapenek ikusgarritasuna ematen badute ere, Maspalomaseko ekoizleak dio ez dutela automatikoki leihatila berpizten: “Goyak iristen direnerako pelikula asko jada estreinatuta eta pantaila gutxitan daude. Horregatik zaila da sariek ustiapen komertzialean benetako jauzia eragitea, are gehiago aurten bezala berandu heltzen direnean”. Hala ere, aitortzak badu beste dimentsio bat: izendatutako teknikariek eta aktoreek jasotzen duten saria edo izendapena elementu garrantzitsua izan daiteke hurrengo lanetarako. Barinagak azpimarratu du sariek “asebetetze kualitatibo” bat ematen dutela, eta ez beti kuantitatiboa.
Egitura sendoagoa izateak, ordea, ez du merkatuaren presioa desagerrarazi, eta pantailen auzia adibide garbia da. Plataforma digitalen hazkundeak kontsumo-ohiturak aldatu ditu, baina Barinagak argi dauka: “Pantaila handirik gabe, ez da pantaila txikirik egongo”. Haren ustez, gizarteak oraindik ez dauka mezu hori barneratuta, eta hor dago zailtasun handietako bat. Euskarazko zinemaren kasuan, erronka are konplexuagoa da: publiko potentziala mugatuagoa da eta banaketa-sarea estuagoa. Gainera, ikus-entzunezkoaren eskaintza saturazioa errealitate bat izanik, funtsezkoa da film batek lehen asteburuan eustea. Lehenengo egun horietan ikusle nahikorik erakartzen ez bada, pantailak azkar galtzen dira eta filmaren ibilbidea laburtu egiten da. Horregatik, aretoetako presentzia ez da diru-sarrera kontua soilik; biziraupen kontua ere bada.
Izendatutako teknikariek eta aktoreek jasotzen duten saria edo izendapena elementu garrantzitsua izan daiteke hurrengo lanetarako. Sariek “asebetetze kualitatibo” bat ematen dute, eta ez beti kuantitatiboa
Euskal ikus-entzunezkoak eskala-aldaketa argia bizi du, eta gaur egun badu industria izateko behar duen egitura. Baina egitura izateak ez du arrakasta bermatzen. Ekoizpen-maila mantentzea, talentua atxikitzea eta publikoa mobilizatzea ez dira automatikoki gertatzen; merkatu txiki eta lehiakor batean, presioa etengabea da. Goya izendapenek euskal ekoizpenak lehiatzeko gai direla erakusten dute; baina industria baten benetako sendotasuna ez da galetan neurtzen, merkatuan baizik. Eta merkatuan, lehiak ez du etenik. Industria bat eraikitzea zaila da. Merkatuari eustea, are zailagoa.