Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak zehaztu ditu azaroaren 11rako deitutako greba orokorrerako. Neurrien bidez, greba egiteko eskubidea eta herritarren oinarrizko beharrak asetzeko ezinbesteko zerbitzuen funtzionamendua uztartu nahi ditu. Aginduak hainbat arlo hartzen ditu barne, hala nola osasuna, larrialdiak, gizarte zerbitzuak, hezkuntza, garraioa eta administrazio publikoa.
Osasun arloan, ospitaleek jaiegun bateko ohiko langile kopuruarekin emango dituzte larrialdietako eta ospitaleratutako pazienteentzako arreta zerbitzuak. Hainbat tratamendu eta unitateren jarduera osoa bermatuko da, besteak beste, dialisiarena, aurrez programatutako tratamendu onkologikoena, zainketa intentsiboena eta erditzeena. Larrialdi zerbitzuek eta Etengabeko Arretako Puntuak ohiko moduan arituko dira; Lehen Mailako Arretak, berriz, larunbatetako zerbitzuen arabera funtzionatuko du.
Gizarte zerbitzuetan, egoitzetako zuzeneko arretarako langileen %50 egongo da gutxienez, eta ehuneko hori handiagoa izango da mendekotasun handiko erabiltzaileak dituzten zentroetan eta arreta intentsitate handiagoko ordutegietan. Gaueko txandan, langileen %100ek lan egingo dute. Hezkuntza arloan, ikastetxeak irekita egongo direla eta sarrera kontrolatuko dela adierazi du Jaurlaritzak. Horrez gain, etapa bakoitzeko irakasle bat eta laguntza berezia behar duten ikasleentzako zerbitzuak aurreikusi dituzte.
Garraio publikoan, grebak eragindako autobus, tren, tranbia, funikular eta ibai garraio zerbitzuen %30 mantenduko da. Garraio alternatibarik ez duten lineek eta osasun zentroetara doazenek lehentasuna izango dute, baita lantokietako sarrera eta irteera ordutegiek ere. Errepideetako bidesarietan, puntako orduetan langileen %30ek egingo dute lan, eta gainerako orduetan %15ek. Gasolindegien %20k ere zerbitzua emango dute.
Gainerako arloetan, elektrizitatearen, gasaren eta uraren hornidurak jaiegun bateko langile kopurua izango du. Administrazio publikoan, hiru hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzua mantenduko da, eta Justizia Administrazioan guardiak eta presazko jarduketak bermatuko dira. EITBk, azkenik, asteburuetako informazio zerbitzuak eskainiko ditu ohiko ordutegian. Gutxieneko zerbitzuak grebarekin bat egingo ez duten langileek beteko dituzte lehentasunez.
LAB sindikatuak helegitea aurkeztu du
Sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren agindua inpugnatu du, greba egitea langileen oinarrizko eskubidea dela argudiatuta. "Euskal Herriko langile ahalik eta gehienek grebara batzeko aukera izan dezaten lanean ari da LAB", azaldu du sindikatuak, eta ohartarazi du "beste behin" greba eskubidea oztopatuko zaiela hainbat eta hainbat langileri, "ezarri dituzten zenbatekoak abusuzkoak" direla iritzi baitu sindikatuak.
Gauzak horrela, LABek helegitea erregistratu du, behin-behinean Eusko Jaurlaritzaren agindua bertan behera gera dadin.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta