LABek eta ELAk greba deitu dute Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetako jantokietan. Otsailaren 24, 25 eta 26an egingo dituzte lanuzteak, enpresei negoziazioari berrekiteko eskatzeko, besteak beste.
LABek du sektorean ordezkaritza handiena eta ohar bidez azaldu du hitzarmen kolektiboa “blokeatuta” dagoela. Egoera “jasanezina” dela dio sindikatuak, eta langileekin dituzten zorrak ordaintzeko eskatu diete enpresei. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari “modu erreal eta eraginkorrean” negoziatu dezan exijitu dio.
Sindikatuaren aburuz, negoziatzeko borondaterik ez dute erakutsi enpresek eta Jaurlaritzak. Gauzak horrela, LABek patronalari eskatu dio negoziatzera esertzeko “berehala” eta langileei ordaintzeko adostuta dauden soldata igoerak. Horrekin batera, sindikatuak azaldu du lan gatazka honek ez diela soilik jangeletako langileei eragiten, eta ikasleei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea ere kaltetzen duela.
ELAk, halaber, bat egin du grebarekin, eta salatu du negoziazio mahaian 15 bilera baino gehiago egin badira ere, ez dela aurrerapenik izan. Sindikatuak adierazi du ez duela sinatuko “soldata mugak ezartzen dituzten hirugarrenen mendeko hitzarmenik”, eta langileen benetako baldintzei erantzungo dien hitzarmen baten alde egin du.
ELAk eskatu du KPItik gorako soldata igoerak ezartzea eta egungo ratioak eta lan kargak berrikustea, baita “lanaldi partzialak oso prekarioak diren sektore bateko gutxieneko kontratazioak berrikustea” ere.