Greba egin dute ikastetxeetako sukalde eta garbiketa sektoreko langileen %70ek

Bigarren greba eguna izan da gaurkoa, baina sindikatuek ohartarazi dute grebarekin jarraituko dutela lan-aldarrikapenak bete ezean

Lehen greba eguneko argazkia | Argazkia: Europa Press Lehen greba eguneko argazkia | Argazkia: Europa Press

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek jakinarazi dutenez, Hezkuntza Publikoko sukalde eta garbiketa sektoreko langileen % 70ek baino gehiagok parte hartu dute bigarren greba egunean. Mobilizazioaren baitan, giza katea egin zuten Bilbon atzo, lehen greba egunean, eta elkarretaratzeak egin dituzte gaur, bai Gasteizen, bai Bilbon, baita Donostian ere. Sindikatuek adierazi dute “dinamika berarekin” jarraituko dutela “egindako lan-aldarrikapenak lortu” arte.

Eskaerak hitzarmen kolektiboa eguneratzean oinarritzen dira, izan ere, azken hamasei urtetan ez da aldaketarik izan. Sektore oso "feminizatua" dela salatu dute, baita lan-baldintzak “prekarioak” direla ere. Horregatik, ondorengoa proposatzen dute sindikatuek: batetik, eskoletan bazkaltzen dutenen kopurua murriztea, sukaldeko eta garbiketako lan-karga murriztu dadin; bestetik, erretirorako adina aurreratzea eta plantilla gaztetzea; azkenik, enplegua egonkortzea, eta baimenak, lan-osasuna, berdintasuna eta euskararen erabilera hobetzea.

Pribatizazioaren aurka ere egin dute grebalariek, eta beharrezkotzat jo dute neurriak hartzea, “pribatizazio eta itxieren bidez lanpostuak suntsi ez daitezen”.

Bestalde, sindikatuek kritikatu dute negoziazio mahaietan proposamenik ez dagoela, eta otsailaren 11rako aurreikusitako bileran konponbide zehatzik aurkezten ez bada, grebekin jarraituko dutela ohartarazi dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK