"Negoziazioetan aurrerapausorik ez badago, greba mugagabeaz gain, ez dago alternatiba askoz gehiagorik". Atzo arratsaldean EAEko medikuen plataformaren eta MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkarteko ordezkariek esandako hitzak dira, Donostian eginiko agerraldian. Lehenaren izenean hitz egin du Sara Lizeagak, eta bigarrenaren izenean, berriz, Elena del Valek eta Javier Fernandezek. Momentuz, datorren asterako iragarritako greba mantendu egingo dute Osakidetzako eta Osasunbideako medikuek, azken orduko ezustekorik ez bada.
Medikuak ez datoz bat Osasun Ministerioak iragarritako Estatutu Markoarekin, ez baitu islatzen lan medikoaren espezifikotasuna. Marko propio bat aldarrikatzen dute, osasun sistemaren antolakuntza hobea bermatzea ahalbidetuko duena. Dena den, Espainiako Ministerioari ez ezik, lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari ere hitz egin zioten atzoko agerraldian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako plataformetako ordezkariak. Estatutu propioaz harago, medikuen lan baldintzak hobetzeko marjina handia dela aldarrikatu dute. "Gure eskaera nagusiak hemen konpondu daitezke, eta hemen konpondu behar dira. Haiek badakite", azpimarratu zuten. "Kudeaketa eredua zaharkituta dago, eta medikuen bokazioaren eta gainkargaren mende dago funtzionatzen jarraitu ahal izateko", gaineratu zuten.
Alberto Martinez Osasun sailburuak esandakoari egin nahi izan diote erreferentzia hala, astearte honetan sindikatuei eginiko proposamenen berri eman baitzuen, hala nola atsedenerako denbora zabaltzea, garapen profesionala indartzea edota guardien ordaina berrikustea. Orotara, 70 milioi euro bideratuko lirateke horretara. Medikuen ikuspegitik, ordainsariak hobetzea baino ia garrantzitsuagoa da pazienteak ondo artatu ahal izateko tresnak eskaintzea, besteak beste langileak hobeto antolatzea, guardiak kentzeko azterketa eta plana, ezohiko lanaldien kudeaketa...