Greba orokorraren eraginak goizetik sumatzen hasi dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat puntuetan, ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuen hitzetan, greba "jarraipen zabala" eta "arrakasta" izaten ari da, jarduera "ohikoa baino txikiagoa" izaten ari da, eta trafikoa ere "gutxiagokoa" da. Halaber, sindikatuen arabera, lanuztea inpaktua izaten ari da industrian. Hona hemen EnpresaBIDEA egiten ari den jarraipena.
Trafiko mozketak
Gipuzkoan, N1eko trafikoari eragin dio grebak. Izan ere, 7:00etatik 7:55era, moztuta izan da, Andoainen, bi noranzkoetan. Pasaiako Portuko eta Trintxerpeko sarrera ere moztu dituztela jakinarazi du Donostiako Kontseilu Sozialistak. Era berean, LABek esan duenez, Bergara, Oñati eta Arrasate lotzen dituen Elorregi biribilgunea blokeatu egin dute manifestatzaileek, bengalak erabilita. Biribilgune hori Debagoieneko industriarako lotune nagusienetakoa da.
❗️N1 errepidea itxita norantza bietan Andoain-en
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) March 17, 2026
❗️Cortada la carretera N1 a la altura de Andoain en ambos sentidos
📣Gutxieneko soldata hemen erabaki! #M17GrebaOrokorra#HemenErabaki#SMIpropio#MejorarSalarios pic.twitter.com/94pFavIXjr
Bizkaian, eta zehazki Bilbon, auto ilara luzeak pilatu dira. Hiriko hiru sarreratan —La Salven, Zabalburun eta EITBn— martxak egiten ari dira. Errekalde Zumarkalea ere erabat moztu dute. Halaber, Leioako Campusean ikasleek sarrera moztu dute. Abanto-Zierbenako El campillo industriagunerako sarbidean ere mozketak izan dira.
✊#𝐆𝐫𝐞𝐛𝐚𝐎𝐫𝐨𝐤𝐨𝐫𝐫𝐚 𝐣𝐚𝐫𝐫𝐚𝐢𝐩𝐞𝐧 𝐳𝐚𝐛𝐚𝐥𝐚 𝐢𝐳𝐚𝐭𝐞𝐧 𝐚𝐫𝐢 𝐝𝐚
— ELA Sindikatua (@ELA_Sindikatua) March 17, 2026
🔥 San Mameseko irteera blokeatuta
✊𝐀𝐦𝐩𝐥𝐢𝐨 𝐬𝐞𝐠𝐮𝐢𝐦𝐢𝐞𝐧𝐭𝐨 𝐝𝐞 𝐥𝐚 #𝐇𝐮𝐞𝐥𝐠𝐚𝐆𝐞𝐧𝐞𝐫𝐚𝐥
🔥Los piquetes boquean la entrada por San Mamés pic.twitter.com/eVCydkw4rA
Araban, Gasteizko Amerika Latinako biribilgunean trafikoa moztu dute protestan ari zirenek. EHUn "M17-Greba orokorra" zioten kartelekin estali dute Farmazia fakultatea.
Nafarroan, azkenik, A10 moztuta izan da, Arruazu inguruan, mobilizazioak direla eta. Besteak beste, neumatikoak erre dituzte errepidean bertan. Dena den, dagoeneko zabalik dagoela baieztatu dute trafikotik. Gainera, Iruñeko errondan, Mutilva inguruan, mozketak izan dira lehen ordutik, eta Artika industriaguneko biribilgunean grebalariek oztopatu egin dute Berriozarko eta Arrotxapeako trafikoa.
Elkarretaratzeak
Nafarroako Gobernuaren aurrean ere elkarretaratzea egin du ELAk. Aurreko astean PSNk eta Zurekin Nafarroak PP eta Voxekin batera gutxieneko soldata propio baten aurka egin zutela salatu du sindikatuak. Era berean, sindikatuko zenbait kideek UGT eta CCOOren egoitzan pegatak jarri dituzte. CGT, CNT, Solidari eta EHKSren piketeak CEN patronalaren egoitza aurrean ere izan dira. Manifestazio nagusia aurreikusitakoa baino zertxobait beranduago hasi bada ere, abiatu dira manifestariak, azkenean Gazteluko plazara iritsi diren arte.
Bizkaiko hiriburan 12:30ean traktoreek hartu dute lehen lerroa eta Eliptika plazatik abiatu dira. Ordubete beranduago eman diote amaiera ibilaldiari, Jesusen Bihotza plazan. Bertan izan dira sindikatuetako zenbait ordezkari, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia kasu.
Gasteizen, Alde Zaharrean batu dira EHKS eta CNTk, CGTk eta Solidarik deituriko manifestariak goizaldean. Lau taldetan banatuta abiatu dira hiriburuko auzoetatik barrena "Kapitalismoa suntsitu" oihukatuz. Behin lau zutabeak elkartuta, Bilbo plazatik abiatu dira manifestariak 12:30ean, eta amaiera ekitaldia Andra Mari Zuriaren enparantzan egin dute.
Donostian mobilizazio nagusia Pio XIItik atera da 12:30ean, nahiz eta 11:30ean hiru talde abiatu diren Antiguako tuneletik, tren geltokitik eta Anoetatik. 13:30ak pasata Boulevardean egin dute bukaerako ekitaldi nagusia. Eibarren eta Tuterane ere izan dira mobilizazio jendetsuak.
Guztira, sindikatuek adierazi dutenez, 105.000 pertsona inguruk parte hartu dute gaur eguerdian egin diren manifestazio nagusietan. "Deialdiak izan duen arrakastaren lekukotza utzi dute mobilizazioek", berretsi dute.
Horrez gain, arratsaldean ere mobilizazio dezentralizatuak egingo direla gogorarazi dute: Bilbon, Diputazioan, 17.30ean; Iruñean, Baluarten, 18:30ean: Donostian, Kataluña Plazan, 18:00etan; eta Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan, 18:00etan. Orotara, Hego Euskal Herrian 85 manifestazio daude deituta: goiztiarrenak 16:30ean hasi dira, baina gehienak 17:30-19:00 artean izango dira.

Grebaren eragin handia administrazioan, hezkuntzan eta osasungintzan
Sindikatuek grebaren jarraipenari buruz bidali duten oharraren arabera, administrazio publikoan jarraipena oso zabala izaten ari da, bereziki Gipuzkoako eta Bizkaiko udal askotan, non geldialdia ia erabatekoa den hainbat herritan (Orio, Hernani, Oñati, Tolosa, Gernika edo Bermeo, besteak beste). Beste udalerri batzuetan ere jarduera oso murritza da, Donostian edo Errenterian kasu. Nafarroan, udal zerbitzuak minimoetara jaitsi dira Iruñean eta inguruko herrietan, eta Eusko Jaurlaritzan ere aurreko grebekin alderatuta jarraipen handiagoa nabaritzen ari da. Garraio publikoan, berriz, zerbitzu minimoak nagusi dira, eta hainbat zerbitzu publiko (garbiguneak edo hondakinen bilketa zenbait tokitan) eten egin dira.
Hezkuntzan, grebaren jarraipena oso handia da: %80tik gorakoa haurreskoletan eta ikastoletan, %60tik gorakoa irakasle publikoen artean eta %65etik gorakoa zerbitzuetako langileen artean. Ikastetxe askok gutxieneko zerbitzuekin funtzionatzen dute, eta sukalde ugari itxita daude. Hezkuntza berezian, baldintza murriztaileekin ere, %50etik gorako jarraipena izan da. Unibertsitateetan, jarduera ia erabat etenda dago: EHUk klase guztiak bertan behera utzi ditu, Nafarroako Unibertsitate Publikoan jarduera oso murritza da, eta Mondragon Unibertsitateko fakultate gehienak (lautik hiru) itxita daude.
Osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan, gutxieneko zerbitzuek baldintzatu dute grebaren eragina, eta langile askok ezin izan dute greba egin (etxez etxeko laguntzan, %90ek galdu du eskubide hori). Hala ere, ospitaleetan jarduera nabarmen murriztu da: Gasteizko Santiago eta Urduliz ospitaleetan ebakuntza-gelak itxita daude, Basurtun lau itxi dira eta barne garraioa %50ean ari da lanean. Larrialdi zerbitzuek %100eko minimoak izan dituzte, eta lehen arretan ere langile kopuru minimoak handitu dira. Egoitza eta eguneko zentroetan, greba egiteko aukera izan dutenen artean jarraipena %90etik gorakoa izan da, eta aniztasun funtzionaleko zerbitzuetan ere oso zabala izan da.
Industria ekoizpena "geldirik"
Sindikatu deitzaileek azaldu dutenez, grebaren jarraipena "oso zabala" izaten ari da enpresa handi askotan. Gipuzkoan, jarraipena ia erabatekoa da konpainia hauetan: KSB Itur; Inda Taldea; Elmubas; Korta; Ampo; Mendiaraz; Corrugados; Natra; Garay; Elay; Tesa; Yurrita; Arcelor Bergara; Ikankonitrek; CIE Legazpi; GKN; Indar; Hine; CAF Irun eta Beasain; Niessen; Lau lagun; Ubis; Mendiola; Ahlstrom, ITV zerbitzuak; Biele Azpeitia; Guerra Hnos Beasain; ABC Eibar; JMA; edo Indaux. Bide beretik, eta langileek hala erabakita, Irizar, Orona, Fagor Electrónica edota Ulma Embedded kooperatibek itxi egin dute gaur.
Nafarroan: Funvera; Savera; Torraspapel; Lakuntza Calor; Barranquesa; Omnia; Magotteaux; Arcelor Lesaka; Portland; Aceros Moldeados; GhGuema; Mecaisa; edo Guerra Hnosen jarraipen handia izan da.
Bizkaian (Cementos Lemona, Kide, Cikautxo, Nemak, Kauxot, Kutenik, Losal, Bruss, Pronutec, Teknia, Sermanfer, Winoa, Ingeteam, Alstom, Gestamp, Arisawa, Salica...); eta Araban (Cie Goian, AEG, Cie Nova Recyd, Cie Gameco, SAS Autosystemtechnik, Fibertecnic, Dominion, Tauxme, Wec, Arcelor, eta Laminaciones Arregui). Eragin orokorraz gain, aipatzekoa da Aiaraldean izan duen eragina: Maderas de Llodio, Tubos Reunidos, Tubacex, Inausa, Amurrio Ferrocarril, edo Envases Metalúrgicos enpresatan, besteak beste.
Sindikatuen arabera, grebaren jarraipena "nabarmena" izan da goizeko eta gaueko txandetan, eta agerian geratu da "Euskal Herriko langile klasearen antolakuntza eta borrokarako gaitasun handia".

Gutxieneko zerbitzuak
Ospitale, hezkuntza eta garraio sisteman gutxieneko zerbitzuak bermatu dira. Zehazki, honela:
- Ospitaleetan, jaiegun bateko ohiko langileekin lan egingo dute. Lehen mailako arretan, larunbat baten adina langile izango dira , eta EAGetan eta larrialdi-zerbitzuetan, berriz, langileen %100ek lan egingo dute. Osasungintza arloko garraioan honakoak mantenduko dira: hemodialisi tratamenduetarako, tratamendu onkologikoetarako eta eguneko ospitalerako larrialdi zein programatutako garraioa, ospitaleen arteko larrialdiko garraioa, baldin eta mediku-ziurtagiriaren bidez egiaztatzen bada edo ohatila erabili behar bada. Zerbitzu horiek guztiak langileen %100 emango dira.
- Hezkuntza-sektorean, zuzendaritza-taldeko pertsona bat eta beste langile bana bermatzen dira goizeko zein arratsaldeko txandarako, hezkuntza-etapa bakoitzeko irakasle banaz gain (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa). Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako ziklo guztietan, 100 ikasletik gora irakasle bana gehituko da. Unibertsitatean, atezainen plantillako pertsona bat izango da txanda bakoitzeko, sarbidea bermatzeko, eta azterketa dutenen kasuan, hura egiteaz arduratuko den irakaslea
- Garraioek – autobusak, trenak, tranbiak, funikularrak eta ibai-garraioa – greba-deialdiarekin bat datozen ordu-tarteetan programatutako zerbitzu arrunten %30 izango dute.
- Gasolindegien %20ren funtzionamendua bermatuko da.
- Adinekoen edo mendekotasuna duten pertsonen egoitzetan zuzeneko arreta ematen duten langileen %50ek lan egingo du. Bazkaltzeko ohiko ordutegian eta goizeko 08:00etatik 10:30era eta 20:00etatik 22:00etara, berriz, %60 izango dira lanean. Erabiltzaileen profilaren %70k baino gehiagok II. edo III. mailako mendetasun aitortua duten egoitzetan, gerokultoreak edo parekatuak %70 izango dira. Gaueko txandan, arreta zuzeneko langileen %100ek emango du zerbitzua, eta egin beharreko lanak "zuzeneko arreta" gisa taxututakoak baino ez dira izango.