Greba orokorraren azken ordukoak

Greba "jarraipen oso zabala" izaten ari da lehen orduetan, ELA eta LAB sindikatuen arabera

ELAren manifestazioa 08:30ean, Donostian | Argazkia: EnpresaBIDEA
ELAren manifestazioa 08:30ean, Donostian | Argazkia: EnpresaBIDEA
2026ko azaroaren 11 - 08:10
Eg. 2026ko azaroaren 11 - 09:51

09:30

LAB sindikatuak 09:00etan gosaria antolatu du Erandioko Los Ochoseko auzokideekin. Jarraian, oinezko martxa abiatu dute Bilborantz, zutabe gisa batuko baitira hiriburuko manifestaziora.

 

Iruñean, CCOO sindikatuak auto mobilizazioa antolatu du, eta une honetan Renfe ingurutik igarotzen ari dira.

Donostian, berriz, piketeak atera berri dira Ikatz kaletik.

 

08:30

ELAk antolatutako mobiliazioak martxan dira. Donostian Pio XII plazatik abiatu dira manifestariak; Bilbon, San Mamesetik; Iruñan, Udal plazatik; eta Gasteizen, Arriagako San Juan zubia-El Pilar.

LAB sindikatuak Benta Berrin (Donostia) gosaria antolatu du maizterrekin

Donostiako goizeko mobilizazioa | Argazkia: EnpresaBIDEA
Donostiako goizeko mobilizazioa | Argazkia: EnpresaBIDEA

Nafarroan, Iruñeko Karlos III etorbidean kokatutako Caixabanken atarian eseri dira hainbat eta hainbat manifestari, bankuak "etxebizitzarekin egiten duen espekulazioa" salatu asmoz. LAB Nafarroak hori iragarri du, baina minutu gutxira salatu du poliziak "bortizki mugiarazi" dituela grebalariak. Pertsona bat ere atxilotu dute.

Oarsoaldeako Kontseilu sozialistak azaldu duenez, Oiartzunen ere "hamarnaka kide identifikatu" ditu poliziak, pikete bat egiten ari ziren bitartean.

Goizeko lehen orduak

Hasi da greba orokorra Hego Euskal Herrian, etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen alde. Goizean goiz izan da lehen piketeen berri, eta ELA zein LAB sindikatuek egin dute jada lehen balorazioa: "Greba orokorra jarraipen oso zabala izaten ari da lehen orduetan". Sindikatuek jakinarazi duenez, jarduera beste egunetan baino mugatuagoa izan da egunaren lehen orduetan, eta trafikoan ere nabari da ohikoa ez den lasaitasuna. Besteak beste, 07:00ak aldera N-1 errepidea itxi dute Idiazabal parean, eta Donostian, Ondarretako sarreran, gazteak identifikatu omen ditu Ertzaintzak.

"Industrian etenda dago poligono askotan", azaldu dute sindikatuek. Gipuzkoan, Fagor Automation, Arcelor Bergara, Ampo eta Irizar dira, beste askoren artean, jarduera guztiz gelditu duten konpainiak. Nafarroan eragin handia izan du grebak, hala nola Condesa Zalain, Wisco Betelu eta Porland, eta sindikatuek grebak iruñerriko enpresetan izan duen eragina azpimarratu dute (Argal, Kybse, Icer Rail edo Ingeteam enpresetan, besteak beste). "Piketearekin Volkswagenen eman diogu hasiera greba orokorrari!" jakinarazi du LAB NAfarroak. Bizkaian Cikautxo, Eika, ZF Sachs eta Cementos Lemona, eta Araban Tubacexen, Inauxan eta Jez Sistemas konpainiak dira jarduera mugatu duten konpainietako batzuk. Adibide batzuk besterik ez dira, batik bat Gipuzkoan askoz ere adibide gehiago jarri baitituzte ELAk eta LABek.

Zerbitzu pribatuei dagokienez, oraindik ezin da halako baloraziorik egin, kasu askotan lanaldiak industrian baina beranduago hasten direlako. Hala ere, sindikatuek "lanuzte nabarmena" aurreikusten dute. Denda handi askok ez dute pertsiana igoko: Elkar, Eroski, Lidl, Dia, Amazon, Bricodepot, El Corte Ingles, Carrefour, Alcampo, General Óptica (Donostian eta Irunen), Natura (Donostian) eta Movistar dendak (Gros, Azpeitia, Arrasate, Irun), Sephora (La Morean) eta BM (Altsasun). Sindikatuek aipatu dutenez, Loiuko parkinga ere itxita egongo da, eta Hotel Abandoko logela garbitzaileek ere greba egingo dute.

Bestalde, zerbitzu publikoan gutxienekoak ezarri ditu, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak. "Hamarnaka udaletxetan lanuztea ere ia erabatekoa izango da, eta lehen orduetan garraio publikoan linea askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira eskaintzen ari", gaineratu dute.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain