• EKONOMIA
  • Guillermo Dorronsoro (Zedarriak): "2026 bisagra urte bat bezala ikusten dugu"

Guillermo Dorronsoro (Zedarriak): "2026 bisagra urte bat bezala ikusten dugu"

Guillermo Dorronsoro Artabe | Argazkia: Monika del Valle/Foku
Guillermo Dorronsoro Artabe | Argazkia: Monika del Valle/Foku
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2025eko abenduaren 26a - 12:00

2025ean hainbat urrats garrantzitsu eman ditu EAEk eta Europak Guillermo Dorronsoro Artabe Deusto Business Schooleko irakaslearen eta Zedarriakeko kidearen ustez. Hala ere, erabakietara igarotzeko abiadura bizkortu ezean, atzean geratzeko arriskua ikusten du Dorronsorok.

 

Zein da zuentzat 2025eko albiste ekonomikorik garrantzitsuena? Zergatik?

Berri zehatz bat baino gehiago, azpimarratuko genuke Europak industria-politika aktibo baterantz egin duen bira, lehentasun estrategiko, funts eta arau-esparru berrietan islatua. Euskadirentzat, 2025ak berretsi du lehiakortasuna, autonomia estrategikoa eta trantsizio berdea ez direla diskurtsoak, erabaki ekonomikorako irizpide errealak baizik. Erronka da testuinguru mesedegarri hori lurraldean ondo ainguratutako trakzio-proiektu bihurtzea.

 

Titularra edo albistea aldatu ahal izango bazenu 2026ra begira, zein izatea gustatuko litzaizuke?

"Euskadik Europako aliantza estrategikoak sendotu ditu eta belaunaldi berriko industria-proiektuen ezarpena gidatzen du". Gustatuko litzaiguke 2026. urtea izatea diagnostiko egokitik irmoetara igarotzen garena, foku gehiagorekin, Europan eragiteko dugun gaitasuna indartuta eta benetako eragina duten berrikuntza, industria eta talentua lotuta.

"Euskadirentzat, 2025ak berretsi du lehiakortasuna, autonomia estrategikoa eta trantsizio berdea ez direla diskurtsoak, erabaki ekonomikorako irizpide errealak baizik"

Nola ikusten duzue 2026a?

2026 bisagra urte bat bezala ikusten dugu. Ariketa zorrotza, ziurgabetasun geopolitiko eta ekonomikoek markatutakoa, baina baita aukeraz betea ere, lehentasunak ezartzeko gai bagara. Euskadi oinarri industrial eta sozial onetatik abiatzen da, baina erabakiak azkartu beharko ditu, bere mugetatik haratago kooperatu beharko du eta gaitasun teknikoak indartu beharko ditu, gero eta lehiakorragoa den ingurune batean trakzioa ez galtzeko.

Urte hasieran Zedarriak erakundeak aurkeztu zuen txostenak defendatzen zuen, besteak beste, EAEk beste eskualde bultzatzaile batzuekin lankidetzan aritzeko beharra, Europako funtsak erakartzeko estrategia, Europako organoetan ordezkaritza handiagoa izatea eta funtsak kudeatzeko gaitasun tekniko handiagoa izatea. Urte amaieran gaude jada. Zer neurritan aurreratu da esparru horietan? Abiadura nahikoan egiten ari al gara aurrera?

Urrats garrantzitsuak eman dira, batez ere kontzientzia hartzeari eta tresna batzuei dagokienez, baina abiadura oraindik ez da nahikoa. Trakzio-eskualdeekin lankidetzan aritzeak, Europako espazioetan presentzia irabazteak eta funtsak anbizio handiagoz kudeatzeak foku estrategiko, jarraitutasun eta gaitasun espezializatu gehiago eskatzen ditu. Arriskua ez da huts egitea, berandu iristea baizik. 2026ak azelerazio argiko urtea izan beharko luke.