• EKONOMIA
  • Gure Monetaren billeteen diseinurako proposamenak jasotzen hasi dira

Gure Monetaren billeteen diseinurako proposamenak jasotzen hasi dira

Herritarrek irailaren erdialdera arte eman ahal izango dituzte iradokizunak, eta moneta 2026ko azken hiruhilekoan jarriko dute martxan Oarsoaldean eta Baztanen

Argazkia: Gure Moneta
Argazkia: Gure Moneta
2026ko uztailaren 24a - 13:39

Gure Moneta proiektuak billeteen iruditeria erabakitzeko herritarren ekarpenak jasotzeko galdetegia jarri du martxan, Herriz herri moneta bat lelopean. Euskal Herri osoko herritarrek irailaren erdialdera arte egin ahal izango dituzte proposamenak. Otsailean aurkeztu zuten proiektua eta bazkidetza kanpaina, eta urte amaierarako 1.000 bazkide laguntzaile lortzea dute helburu. Oraingoz, erronkaren %17 bete dute.

 

Euskoaren esperientzia oinarri hartuta, Euskal Herriko hegoaldean herriz herri moneta bat sortzeko prozesua abiatu dute, etorkizunean lurralde osora zabaltzeko asmoz. Lehen fasean, 2026ko azken hiruhilekoan, Oarsoaldean eta Baztanen erabiliko da moneta.

Monetak oraindik ez du izenik, baina billeteen diseinua zehazteko parte-hartze prozesua zabaldu dute. Galdetegiaren bidez, herritarrek billeteetan agertzea nahiko lituzketen pertsonak, animaliak, landareak, paisaiak edo sinboloak proposatu ahal izango dituzte. Proiektuaren ordezkarien esanetan, «Euskal Herria irudikatzeko balio duten elementuez gain, Oarsoaldea eta Baztango iruditeria espezifikoa ere sortu nahi dugu». Eskualde bakoitzerako sei billete egingo dituzte —1, 2, 5, 10, 20 eta 50eko balioekin—; guztiek alde komun bat izango dute, baina beste aldea eskualde bakoitzera egokituko da.

 

Proiektua martxan jartzeko beharrezkotzat jo dute babes sozial eta ekonomikoa handitzea. Horretarako, bazkidetza kanpainarekin Euskal Herri osoko norbanako, enpresa eta elkarteen atxikimenduak bildu nahi dituzte. Dagoeneko 170 pertsona eta erakundek egin dute bat ekimenarekin. Proiektua hainbat erakunde eta eragilek sustatzen dute, eta Nafarroako Gobernuaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Baztan zein Oarsoaldeko udalen babesa ere badu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain