
Europako herrialdeek bi urtean behin behintzat, gutxieneko soldata igo beharko dute. Europako Batzordea eta Parlamentua akordio batera iritsi dira Europar Batasun osoan gutxieneko soldata duinak bermatzeko.
Araudi berriak "lanaren duintasuna babestuko du eta lana ordaintzen dela ziurtatuko du", aurreratu du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.
Akordioa bi zutabetan oinarritzen da: lehenik eta behin, estandar duin batzuk ezarriko dira herrialde bakoitzeko legezko gutxieneko soldatetarako. “Estatukideak behartuta egongo dira erreferentzia-balio jakin batzuk erabiltzera beren legezko gutxieneko soldaten egokitasunaren ebaluazioa bideratzeko”, azaldu dute Renew Europeko iturriek.
Erreferentzia-balio horien artean, Bruselak nazioarteko adierazleak aipatzen ditu, hala nola, gutxieneko soldata batez besteko soldata gordinaren %60 izatea (hori da, adibidez, Espainiako Gobernuak 2023rako ezarri duen helburua). Gaur egun, Europar Batasuneko hamazortzi herrialdek ez dute irizpide hori betetzen eta horien artean dago Espainia.
Beste aukera bat irizpide nazional propioak finkatzea izango da. Baina kasu honetan, Batzordeak ohartarazi du "gutxieneko soldaten erosteko ahalmena, soldata gordinen maila orokorra eta banaketa, soldata gordinen hazkunde-tasa eta lan-produktibitatearen bilakaera" jaso beharko dituztela, gutxienez.
Bestalde, akordioak soldatak finkatzeko negoziazio kolektiboa indartzea du helburu. Hitzarmen kolektiboek babestutako langileen ehunekoa % 70etik beherakoa den estatuetan, Ekintza Plan Nazional bat aplikatu beharko da, hitzarmen bidez babestutako langileen kopurua pixkanaka handitzeko.
Europako Batzordeak zuzentarauaren testuan egindako kalkuluen arabera, "10-20 milioi langilek jasoko dituzte hobekuntza horiek". Herrialde askotan, gutxieneko soldataren babesa handitzeak pobrezia eta desberdintasuna % 10 baino gehiago murriztea ekarriko du, eta genero-arrakala % 5 egokitzea.
Europar Batasuneko gobernuek datorren ekainaren 16an erabakiko dute, gehiengo kualitatiboz, akordio politiko hori. Europako Parlamentuko enplegu-batzordeak ekainean bozkatzea espero da eta zuzentaraua iraileko osoko bilkuran onartuko da. Onartu ondoren, Europar Batasuneko estatu kideek bi urte izango dituzte gutxieneko soldatei buruzko zuzentaraua estatuko legedira egokitzeko.