• EKONOMIA
  • Hego Euskal Herriko bost langiletik batek 1.500 eurotik behera kobratzen du LABen arabera

Hego Euskal Herriko bost langiletik batek 1.500 eurotik behera kobratzen du LABen arabera

Ipar Hegoa fundazioarekin egindako txostenak dio soldatek hiru puntu galdu dutela BPGarekiko azken 15 urteetan

Argazkia: LAB sindikatua
Argazkia: LAB sindikatua
2026eko otsailaren 16a - 17:32

Hego Euskal Herrian bost langiletik batek 1.500 euro baina gutxiago kobratzen ditu, Ipar Hegoa fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleek egindako azterketaren arabera. Ikerketak Gizarte Segurantzaren erregimen orokorreko eta etxeko langileen erregimeneko datuak hartu ditu oinarri, eta ondorio nagusia argia da: gutxieneko soldata propioa ez izateak milaka langileri zuzenean eragiten die.

 

Jagoba Zulueta fundazioko arduradunak azaldu duenez, gaur egun indarrean dagoen 1.184 euroko gutxieneko soldata 1.500 eurotik %21,07 beherago dago, eta horrek soldata egitura osoa baldintzatzen du. Azken 15 urteetan soldatek hiru puntu galdu dute Barne Produktu Gordinean duten pisuan Hego Euskal Herrian, eta, haren esanetan, estatu egiturarik edo gutxieneko soldata propiorik ez izateak joera hori indartzen du.

Gainera, soldata baxuenek profil jakin bat dute. 1.500 eurotik behera kobratzen dutenen ia %67 emakumeak dira, eta emakume landunen artean herena baino gehiago dago kopuru horren azpitik. Gainera, 239.535 langile horietatik ia erdia Hego Euskal Herritik kanpo jaiotakoa da, eta 30 urtetik beherakoen artean laurden bat ez da 1.500 euro jasotzera iristen.

 

Azterketako kalkuluen arabera, ordea, langileak gero eta pobreago diren heinean, enpresa handiek gero eta gehiago irabazten dute. "Enplegatzaileek, enpresari pribatuek eta administrazio publikoak 461 milioi euroko plusbalia erantsia atera diete langile zaurgarrienei Hego Euskal Herrian", adierazi dute.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak salatu du Espainiako Estatuko araudiak lan harremanak gero eta gehiago zentralizatzeko joera duela, azken lan erreformen ondorioz bereziki. Haren hitzetan, horrek “beheranzko uniformizazioa eta soldaten eta lan baldintzen prekarizazioa” ekarri ditu, eta tokian tokiko errealitate ekonomiko eta sindikalak kontuan hartzeko aukerak murriztu ditu.

Testuinguru horretan, gutxieneko soldata propioa ezartzeko ahalmena estrategikotzat jo du, aberastasuna modu orekatuagoan banatzeko eta langileen pobretzeari aurre egiteko. Helburu horrekin, euskal gehiengo sindikalak hainbat bide jarri ditu martxan (patronalarekin akordio markoa negoziatzea, legebiltzarretan lege proposamenak aurkeztea edo Langileen Estatutua aldatzea) eta, ateak itxita daudela salatuta, martxoaren 17rako greba orokorra deitu du, langileek “argi hitz egiteko” aukera izan dezaten.