Euskal Herriko sindikatuak, Galizia, Katalunia, Valentzia eta Balear Uharteetako sindikatuekin batu dira tokian tokiko gutxieneko soldata propio bat eskatzeko. Manifestu bateratu bat egin dute, zeinetan adierazi duten "urtea joan, urtea etorri gero eta nabarmenagoa” dela “Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren zenbatekoak ez direla nahikoak bizi-kostu handiei behar bezala aurre egiteko".
ELA, CIG, LAB, Steilas, Etxalde, Hiru, Intersindical Valenciana, Intersindical Catalana, IAC eta STEI sindikatuek sinatu dute adierazpena, "estaturik gabeko nazioetako sindikatu gisa", eta Bilbon egin dute agerraldia gaur goizean. Bertan izan dira ELA, LAB, Steilas eta Etxaldeko ordezkariak, eta beste lurraldeetako sindikatuetako arduradunek bideokonferentzia bidez parte hartu dute.
“Estatu mailako araugintza bakarra eta zentralista da eta errealitate nazional anitza ukatzen du; horrekin batera, ezarri diren lan-erreformek (PPren Gobernuak 2012an inposatu zuena, indarrean dena eta egungo Gobernuak 2021 amaieran erabakitakoa) taxututako lan-legediak langileen prekaritatea eta soldata kaskarrak normalizatzen ditu lanaldi partzialeko enpleguaren eta aldizkako kontratu finkoen bitartez", dio manifestuak.
Sindikatuen aburuz, Espainiako gutxieneko soldata ez “errealitate nazionaletara” egokitzen, ezta “justizia soziala sortuko duten adierazle sozioekonomikoetara” ere. Hala, Espainiako Kongresuko alderdi politikoei (PPri eta Voxi izan ezik), baita Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan ministroari eskatuko diete Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatzea ahalbidetuko lukeen lege-ekimenak proposatzeko. Artikulu horrek Lanbidearteko Gutxieneko Soldata Espainiako Estatuan ezarri eta berrikusi behar dela zehazten du.