ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko 18.316 sinadura aurkeztu dituzte gaur Nafarroako Parlamentuan. Sindikatuek, parlamentuaren atarian eginiko agerraldian, kontatu dute Espainiako Gobernuak bere SMIrako ezartzen duen kopuruak ez duela aberastasunaren banaketa bermatzen, besteak beste.
Eztabaidari heltzeko eskatu diote parlamentuari eta orain arteko blokeoarekin amaitzeko. Uste dute gutxieneko soldata pobrezia murrizteko tresna baliagarria izan daitekeela, baina Nafarroarako egun ezarrita dagoena ez dela nahikoa.
Sindikatuek urtearen hasieran hasi zituzten negoziazioak. “Lanbidearteko akordio baten bidez posible da Nafarroan gauzatzen diren lan harreman guztientzat gutxieneko soldata ezartzea. Horretarako CEN, UGT eta CCOO gonbidatu ziren mahaia eratzeko, baina hiru erakundeetako bat ere ez zen bilerara agertu”, adierazi du LABek.
Sindikatuek ez dute amore eman, eta Herri Ekimen Legegile bat abiatuko dute. Datorren abenduaren 11n, 11:00etan, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Parlamentua lotuko dituen giza katean parte hartzeko deia egin dute.