• EKONOMIA
  • Maiatzaren Lehenean gutxieneko soldata propioa aldarrikatuko du ELAk

Maiatzaren Lehenean gutxieneko soldata propioa aldarrikatuko du ELAk

Bilbon eta Iruñean iragarri dituzte manifestazioak, ‘Gutxieneko soldata, hemen erabaki’ lelopean

Mitxel Lakuntza eta Ane Zelaia | Argazkia: ELA
Mitxel Lakuntza eta Ane Zelaia | Argazkia: ELA
2025eko apirilaren 7a
Eg. 2025eko apirilaren 7a

‘Gutxieneko soldata, hemen erabaki’ lelopean, Maiatzaren Lehenean gutxieneko soldata propioa aldarrikatzera dei egin du ELA sindikatuak. Hala, bi manifestazio iragarri ditu, bata Bilbon eta bestea Iruñean. Biak ala biak 11:30ean hasiko dira, lehena Jesusen Bihotza plazan eta bigarrena Erorien Monumentuan.

 

Duela zenbait hilabete aldarrikatu zuen ELAk 1.795 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) propioa. Gainerako sindikatuekin negoziatu ostean, Confebask eta CEN patronalei gutxieneko 1.500 euroko soldata ezartzeko proposamena helarazi zieten. Patronalek, ordea, ezezkoa eman dute. Are gehiago, EAEn Confebaskek uko egin zion negoziatzeko mahaiari, eta Nafarroan, ez CEN, ez UGT, ez CCOO ez ziren eztabaida mahaira bertaratu ere egin.

ELAk “ez du ontzat eman” patronalen “betoa”, eta horregatik herri-ekimen legegilea (HEL) jarri du martxan, helburu izanik Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek “LGS hemen erabakitzea galdegin dezaten”.

 

Ane Zelaia Batzorde Eragileko kideak azaldu du Maiatzaren Lehenean “euskal erakundeak interpelatuko” dituztela haien lehentasunak alda ditzaten; azpimarratu du ezinbestekoa dela zerbitzu publiko zein politika sozialak indartzea, dirua armagintzara bideratu beharrean. LGS “Euskal Herriko langileriarentzat lorpen handia litzatekeela” gaineratu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.