• EKONOMIA
  • Gutxieneko soldata propioa, prekarietatea gainditzeko tresna

Gutxieneko soldata propioa, prekarietatea gainditzeko tresna

Greba orokorra deitu dute gaur Euskal Herriko sindikatu gehienek, lan-merkatuaren baldintzetara egokitutako 1.500 euroko gutxieneko soldata ezar dadin Hegoaldean

Sindikatu deitzaileetako ordezkari nagusiak | Argazkia: LAB
Sindikatu deitzaileetako ordezkari nagusiak | Argazkia: LAB
2026eko martxoaren 17a - 05:30

Gutxieneko soldata propioa lurralde edo komunitate jakin batek bere lan-merkatuaren baldintzetara egokitutako gutxieneko soldata da. Hau da, estatu mailako gutxieneko soldatatik aparte, tokiko bizi-kostua, produktibitatea eta errealitate ekonomikoa kontuan hartzen dituen soldata minimoa. ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa babesten dute EAEn eta Nafarroan, Espainiako estatuak ezartzen duen Lanbide arteko Gutxiengo Soldataz (LGS) harago doana. Xede horrekin, greba deialdia deitu dute gaurko egunerako.

 

Aitor Murgia, ELAko Azterketa Bulegoko eta Politika Sozialen arduradunaren ustez, “aldarrikapen zehatz honek hainbat aldarri ditu elkarri lotuta. 1.500 euroko gutxieneko soldatak jende askoren bizitza hobetuko luke zuzenean, batez ere, egoera prekarioenean daudenena, gehienetan emakumeak, pertsona migratuak, gazteak, aniztasun funtzionala dutenenak...”. ELAren iritzian, aberastasunaren banaketa justuago bat ekarriko luke halaber. Gainera, gutxieneko soldata igotzeak soldaten maila orokorra igotzea ere ekarriko luke, langile askoz gehiagori eraginez. “Burujabetza ariketa oso garrantzitsua dela uste dugu. Ez da soilik gutxieneko soldata handitzea, hemen erabakitzea ere aldarrikatzen dugu, lan-harremanen esparru propioa ere nahi dugulako”, gehitu du Murgiak.

LABeko ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko arduradun Oihana Lopetegiren esanetan, “gutxieneko soldatak lurraldeko langileon lan indarraren oinarrizko prezioa ezartzen du batetik eta, bestetik, oinarrizko diru sarrerak. Azken urteotan gatazka sindikal ugari izan dira langileon erosahalmena bermatu eta sortzen dugun aberastasuna modu bidezkoagoan banatu dadin. Lantoki eta sektoreetako borroka horien segida da, orain, enplazamendu bikoitza: patronalari akordio interprofesionala negoziatzeko eta gobernuei legez ezartzeko. Bietan ezezkoak jaso ditugunez, Greba Orokorrari heldu diogu”.

 

Oihana Lopetegi (LAB): "Hemen nahikoa aberastasun sortzen badugu ere, langileoi dagokiguna geroz eta txikiagoa da. Ondorioz, arrakala sozialak areagotzen dira, areago sektore feminizatuetan nahiz langile migratuek betetzen dituzten lanpostuetan"

LAB sindikatuaren aburuz, Madrilen ezartzen den Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin Hego Euskal Herrian ez dago bizitza proiektu duinik izaterik. Etxebizitzaren prezioak nabarmentzen dituzte, esaterako. “Desberdintasun nagusi bat dago: hemen nahikoa aberastasun sortzen badugu ere, langileoi dagokiguna geroz eta txikiagoa da. Ondorioz, arrakala sozialak areagotzen dira, areago sektore feminizatuetan nahiz langile migratuek betetzen dituzten lanpostuetan, edota estatuko hitzarmenen pean ari diren langileengan”, azpimarratu du Lopetegik.

ESK Koordinakundeko kide Iratxe Alvarez Reoyoren hitzetan, “gutxieneko soldataren igoeraren aldarria justizia sozialeko kontua da; LGSa, teorian, pertsona batek bizi duin bat izateko jaso beharko zukeen soldata izan beharko litzateke, baina praktikan hori ez da gertatzen. Momentu honetan, 1.221 euroekin ez da posible bizitza duin bat izatea, eta Hego Euskal herrian halako soldata batek pobreziara kondenatzen ditu langileak. Duela hamarkada batzuk langabezia langileriaren arazo nagusiena baldin bazen, gaur egun esan dezakegu argi eta garbi lana izateak langile asko pobreziara kondenatzen dituela”.

Iratxe Alvarez (ESK): "LGS propio bat izatea, gure bizi mailari egokituta, jakin badakigu ez dela gaitz guztietarako antidotoa, baina bada neurri bat langile askok eta askok pairatzen duten egoera arintzeko”

Ezker Sindikaleko Koordinakundearen ustez, Euskal Herrian estatu mailako LGSarekin ezinezkoa da bizitzea. “LGSaren igoera erabaki politiko bat da. Horregatik proposatu genuen parlamentuetan, bai Nafarroan bai EAEn, 156.811 sinadura bildu zituen Herri Ekimen Legegile baten bidez LGS propio bat izateko bidea zabaltzea. Gobernu biek eman zuten erantzuna berdina izan zen, ezezko biribila. Guretzako jarrera hori guztiz antidemokratikoa da, baina, horrez gain, irmoki salatzen dugu ere gobernuen utzikeria. Gizartearen pobretzea errealitate bat da, eta horren aurrean ez dute ezer egiten. LGS propio bat izatea, gure bizi mailari egokituta, jakin badakigu ez dela gaitz guztietarako antidotoa, baina bada neurri bat langile askok eta askok pairatzen duten egoera arintzeko”, gehitu du Alvarezek.

Bizi-kostua, etxebizitzen prezioa eta produktibitatea

Hego Euskal Herrian bost langiletik batek 1.500 euro baino gutxiago irabazten du. Europar Batasunak bizi-kostua, etxebizitzaren prezioa eta produktibitatea aipatzen ditu, besteak beste, gutxiengo soldata kalkulatzeko erabili beharreko irizpide gisa. “Gure ustetan, disfuntzio bat dago estatutik inposatzen zaigun gutxieneko soldatarekin. Ez da nahikoa hemengo bizi mailari aurre egiteko. Eta produktibitateari dagokionez, gure ekonomiak duen pisu industriala dela eta, estatuaren produktibitatetik gora ere bagaude”, aipatu du ELAko ordezkariak.

Aitor Murgia (ELA): “Gure ustetan, disfuntzio bat dago estatutik inposatzen zaigun gutxieneko soldatarekin. Ez da nahikoa hemengo bizi mailari aurre egiteko. Eta produktibitateari dagokionez, gure ekonomiak duen pisu industriala dela eta, estatuaren produktibitatetik gora ere bagaude”

LABeko Lopetegiren esanetan, “neurri fiskalez, gainbalioaren mugatzeaz edota Barne Produktu Gordinaren bilakaerari lotuta ezartzen diren doktrina neoliberalei buruz hitz egin dezakegun arren, une honetan greba orokorrera ekarri gaituena irizpide zehatz eta argia da: gure lurraldearen batez besteko soldataren %60ko gutxieneko diru-sarrera. Horixe da neurgailua”. ESKko Alvarezek, bere aldetik, zera dio: “Europako Karta Sozialak dioena hartu dugu erreferentzia moduan. Euskal Herrian langileriaren borrokari esker lortu izan dugu langileen sektore handi batek, orain arte, soldata duinak izatea, eta hori guztion bizi kalitatean islatu da. Hala ere, ezin dugu ahaztu Euskal Herrian bizitzea beste lekuetan bizitzea baino askoz ere garestiagoa dela, etxebizitza bat alokatzearen kostuak, esate baterako, gure hiri gehienetan LGSaren balio bera du. Erosketekin gauza bera, azken hiru urtetan merkatura joatea %38 garestitu da, eta soldatek, berriz, %15 baino gehiagoko erosahalmena galdu dute”, nabarmendu du.

Enpleguaren gaineko eztabaida

Patronalak eta zenbait alderdi politikok soldata minimo handiago batek enplegua arriskuan jar dezakeela aipatu dute. Sindikatuek oso argi dute ez dela horrelakorik gertatuko. “Kritiko horiek berdina esaten zuten 2018an. Geroztik estatuan gutxieneko soldata %60 baino gehiago igo da eta ez da enplegu suntsiketarik izan”, dio Murgiak. Haren iritzian, ekonomia ez da mugatzen bi aldagairen arteko erlaziora. Izan ere, hainbat ikerketen arabera, hala nola, Familia Aurrekontuen eta Bizi Baldintzaren Inkesten mikro-datuetan oinarrituta, LGSren igoerak eragindako langileek oso kontsumo joera marjinal handia dute, %74 eta %86 artekoa, hain zuzen ere. “Horrek esan nahi du soldata igoeraren zatirik handiena gastu bihurtzen dela berehala, batez ere funtsezko ondasun eta zerbitzuetan, hala nola elikaduran, garraioan edo ostalaritzan. Eskaria bultzatzeak konpentsatu egingo luke enplegu galera, batik bat, intentsiboak diren sektoreetan”, Murgiaren arabera. 

Aitor Murgia (ELA): "Soldata igoeraren zatirik handiena gastu bihurtzen da berehala, batez ere funtsezko ondasun eta zerbitzuetan, hala nola elikaduran, garraioan edo ostalaritzan. Eskaria bultzatzeak konpentsatu egingo luke enplegu galera"

“Galdetu diezaietela Tubos Reunidosekoei, hitzarmen eskubiderik gabe lan egitera derrigortutako etxeko langileei edota haien hitzarmena estatalizatuta duten saltoki handietako beharginei, adibidez. Luze aritu gaitezke ustez arriskuan jarritako enpleguen nolakotasunaz. Agian, horixe da funtsa: soldatak hobetzeak arriskuan jartzen du enplegu-eredu prekarioa”, nabarmendu du Lopetegik.

Alvarezek ere kontrako iritzia agertzen du ustezko enpleguaren galeraz hitz egitean. “Gezurra da edo behintzat, nahiago baduzu, ez da egia. LGS igotzeak baliteke haien irabaziak murriztea, baina horrek ez du ekartzen ez enplegua arriskuan jartzea ezta galera ekonomikoak egotea ere. Gutxiago irabaztea ez da galtzea. LGSak 2018tik %66ko igoera pilatua izan du, eta gaur egun ez dugu langabezia arazo bat. Guztiz kontrakoa, behin eta berriz entzuten ditugu patronalak esaten langileak behar dituztela. Datuak hor daude, ez da gertatu, soldatak duintzeak ez du enplegua arriskuan jartzen”.