Iritsi da Maiatzaren Lehena, eta urteroko legez, sindikatuek euren mobilizazioak antolatu dituzte Euskal Herriko kaleetan zehar. Talde bakoitzak fokua aldarri desberdinetan jarri duen arren, bada gaurko egunean leku guztietan errepikatuko den eskakizun bat: 1.500 euroko gutxieneko soldata. Horrez gain, etxebizitzarako eskubidea, zerbitzu publiko duinak, trantsizio energetikoa eta giza eskubideen aldeko borroka ere izango dituzte hizpide sindikatuek.
ELA
Martxoaren 17an egindako greba orokorrari jarraipena emango dio ELAk Maiatzaren Lehenean. Aurten SMI 1.500: Jo ta ke, hemen erabaki arte lelopean egingo ditu manifestazioak, bai Bilbon, bai Iruñean.
“ELAk uste du demokraziaren eta burujabetza sozialaren defentsa izan behar direla borrokaren ardatzak”, zehaztu du sindikatuak, “beste aldarri batzuk ahaztu gabe”. Sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du Euskal Herrian erabakitako LGS bat aldarrikatzea, eta Emakumeen Egunean eta Arrazismoaren kontrako Egunean gogorarazi zuten moduan, Maiatzaren Lehenean ere “eskari hori ozenago egingo zaie patronalei, gobernuei eta alderdi politikoei”.
Bi manifestazioak 11:30ean egingo dira, Bilbon Jesusen Bihotza plazatik abiatuta, eta Iruñean Erorien Monumentutik hasita.
LAB
Ildo beretik, LABek ere “gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duina” aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, baina hori bakarrik ez eta beste bi neurri zehatz ere eskatuko ditu sindikatuak: etxebizitza eskubidea eta kalitatezko zerbitzu publikoak.
“Antolakuntza eta borroka kolektiboaren bidez posible da munduan, Europan eta bereziki Euskal Herrian beste eredu bat eraikitzea”, baieztatu zuen Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak Maiatzaren Leheneko manifestazioen aurkezpen ekitaldian. Hala, sindikatuak “denon bizitzak erdigunean” jarriko dituen eredua eskatuko du mobilizazioetan, Langileok eragin lelopean.
LABek ere “gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duina” aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean
Horretarako, 26 manifestazio antolatu ditu Euskal Herriko eskualde eta hiriburuetan. Araban Oion, Gasteizen eta Laudion egingo dira; Nafarroan Donezteben, Lizarran, Tuteran, Iruñean, Altsasun eta Tafallan; Gipuzkoan Donostian, Eibarren, Oreretan, Zumaian, Hernanin, Tolosan eta Ordizian; Bizkaian Bilbon, Algortan, Durangon, Portugaleten, Basaurin, Bermeon, Igorren eta Lekeition; Ipar Euskal Herrian intersindikalarekin mobilizatuko da LAB, bai Baionan, bai Maulen. Mobilizazio guztiak 12:00etan edo 12:30ean hasiko dira, herriaren arabera, Baiona eta Maulen izan ezik (11:00etan hasiko dira).
CCOO eta UGT
CCOOk eta UGTk, ohiko legez, deialdi bateratua egingo dute aurten ere. Bi sindikatuek hainbat gai mahaigaineratuko dituzte euren manifestazioetan, zeintzuek “zuzenean konektatzen duten langileen bizi-baldintzekin”.
Hasteko, nazioarteko gatazketan eta giza eskubideen defentsan jarriko dute fokua, eta Europak parte hartze handiagoa izan behar duela salatuko dute; energia berriztagarriak eta trantsizio energetikoa sustatzea ere aldarrikatuko dute. Era berean, ELA eta LABek ere helduko dioten gaiari jarraiki, 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatuko dute CCOOk eta UGTk, baita etxebizitza eskuragarriek lehentasuna izatea ere. “Azkenik, pertsona migratzaileen ezohiko erregularizazioa defendatuko dugu, justizia sozialaren eta laboralen eskubide gisa”, gaineratu dute.
Nazioarteko gatazketan eta giza eskubideen defentsan jarriko dute fokua, eta Europak parte hartze handiagoa izan behar duela salatuko dute
Bilbon (11:30), Donostian (12:00) zein Gasteizen (12:00) antolatu dituzte mobilizazioak, eta dei egin dute manifestazioetan parte hartzera, “eskubideak lubakien aurrean defendatzeko, soldatak prekarietatearen aurrean, etxebizitza espekulazioaren aurrean eta demokrazia gorroto eta bazterketa diskurtsoen aurrean”.
ESK-Steilas-CNT-CGT
Lau sindikatuek bat egingo dute manifestazioetan, Langileok batu, inperialismoaren aurka, bizitzaren alde lemapean, gobernu zein erakundeei esateko ez dutela onartuko "gure kontura aberasten jarraitzea, gu pobretzen gaituzten bitartean". Sindikatuek salatu dute "han bonbak finantzatzen dituzten esku berdinek" sinatzen dituztela hemen murrizketak, eta gogorarazi dute "eraso inperialisten aurka" daudela eta ez dutela "konplize izan nahi". Gauzak horrela, ESK, Steilas, CNT eta CGTk argi adierazi dute zein alternatibaren alde egingo duten Maiatzaren Lehenean: "Internazionalismoa, herrien arteko elkartasuna, herri subiranotasunak eraikitzea eta zapaltzen gaituen sistema honekin amaitzeko borrokan jarraitzea".
Lau mobilizazio iragarri dituzte: Bilboko Kale Nagusian, 11:30ean; Donostiako San Telmo museoan, 12:00etan; Iruñeko Baratxurien plazan, 12:00etan; eta Gasteizko Europa jauregian, 12:30ean.