• EKONOMIA
  • Gutxieneko soldata propioaren proposamena ez da aurrera atera Legebiltzarrean

Gutxieneko soldata propioaren proposamena ez da aurrera atera Legebiltzarrean

EAJk eta PSE-EEk baztertu egin dute sindikatuen proposamena, PP eta VOXekin batera. ELAk iruzur demokratikoa eta autogobernuari erabat uko egitea dela salatu du

Gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestazio bat | Argazkia: LAB
Gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestazio bat | Argazkia: LAB
2025eko azaroaren 13a - 13:43

Espero bezala, Eusko Legebiltzarrak ez du onartu Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) propioa ezartzea helburu zuen Herri Ekimen Legegilea. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek taularatutako proposamenak 140.000 herritarren sinadura zituen atzetik, baina ez da aurrera atera, eta sindikatuok salatu dute Jaurlaritza Confebask patronalaren menpe dagoela.

 

ELAren arabera, LGS propioa oztopatzea iruzur demokratikoa eta autogobernuari erabat uko egitea da. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Legebiltzarren hitz egin du: "ELA eta LAB saiatu gara aurtengo 1.500 euroko hileko LGS bat negoziatzen; 120.000 pertsona baino gehiagori egingo lioke mesede. Baina Confebaskek uko egin dio baita esertzeari ere, eta horregatik aurkeztuko dugu demanda. Ez da inon gertatzen gobernu batek LGSri muzin egin eta patronalaren esku uztea", adierazi du.

EAJ, PSE-EE, PP eta VOXek Herri Hekimen Legegilearen aurka bozkatu ostean hitz egin du Garbiñe Aranburu LABeko koordinantzaile orokorrak, eta "langile eta kapitalaren arteko arrakalak handitzeko politikak" egitea leporatu die EAJ eta PSEri. “Argudio hipokritak baliatu dituzte milaka langileen soldatak duintzearen aurka egiteko, eta horrek dakar arrakala matxista eta arrazistetan sakontzea”.

 

Borroka sindikalarekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute sindikatuek, eta gutxieneko soldata propioaren alde lanean segituko dutela. Pradalesen gobernua “patronalaren morroi” bihurtu dela esan du Aranburuk, eta Confebaskek zehazten duela Jaurlaritzaren politika, “gero eta eskuinerago dagoena”.

Lakuntzak, bestalde, azpimarratu du arazoa politikoa dela, argudiatuz Legebiltzarreko mahaiak juridikoki aztertu duela euren proposamena, eta ez duela inolako eragozpenik aurkitu. "Duela gutxi, Pradales lehendakariak adierazi zuen gaitasun politiko gehiago behar dugula. Hori da, hain zuzen ere, hona dakarguna: LGSa Euskal Herrian erabakitzea, eta ez Madrilen", gehitu du.